Aste Nagusiko jaietan murgilduko da datozen egunetan Zarautzen. Festa hauetako egitarauaren barruan, gauez, kontzertuak izango dira malekoian, asteazkenean hasi eta igandera arte.
Bost izango dira Zarautzen entzun ahal izango diren talde edota bakarlariak. Hasteko, etzi, asteazkenean, 23:00etan hasita, La pegatina talde kataluniarraren emanaldia izango da itsasertzean. Jai giroa berotzeko talde aproposa da hau. Izan ere, La Pegatina Montcada i Reixacen (Herrialde Katalanak) 2003an sortutako kataluniar runba eta ska estiloko musika taldea da. Denbora honetan 11 disko atera dituzte, horietatik azkena 2022ko La Meva Gent. Dantzan jarriko dituzte kataluniarrek gau horretan malekoira hurreratzen direnak.
Ostegunean, 23:30ean hasita, ETS edo, beste era batera esanda, En Tol Sarmiento taldearen txanda izango da. Euskal Herriko ska-rock musika jorratzen duen talde bat da, reggae eta punk-rock doinuak ere sartzen dituena. Arabako Ekora herrian sortu zen, 2005ean.
Ostiralean Mikel Erentxun beteranoa igoko da malekoiko agertokira, 23:30ean. Duncan Dhu taldeko kide ohia –pasa den astean bete ziren 40 urte taldea sortu zutela–, duela 32 urte, 1992an, ekin zion bakarkako ibilbideari. Urte hartan atera zuen Naufragios diskoaren ondoren beste hamazazpi disko plazaratu ditu abeslari donostiarrak, horietatik azken iaz atera zuen Septiembre. Rock amerikar ukituak dituzten pop-rock doinuak entzungo dituzte zarauztarrek eta egun horretan Zarautzera bertaratuko direnek.
Larunbatekoa izango da, akaso, emanaldi jendetsuena, Izaro izango delako Zarautzen kontzertua ematen 23:00etatik aurrera. Mallabiko abeslariak 2014an ekin zion aldaketaz betetako ibilbideari. Ordutik, bost disko luze eta EP bat plazaratu ditu, azkenekoa iaz argitaratutako Cerodenero. Hasieratik jo izan dituen pop eta folkari elektronika ukituak ere gehitu dizkio azken diskoetan.
Puro relajo talde nafarraren rantxerek emango diote amaiera aurtengo kontzertu zikloari. Igandean izango da emanaldia, 22:00etatik aurrera. Puro relajo, Nafarroa Garaiko musika talde bat da, Zangozaldea eskualdeko Oibar udalerrikoa. nagusiki mexikar musika jo eta gaztelaniaz abesten dute, mariatxi doinu eta abestiak.