Tamara Arruti: 'Konexioari garrantzi berezia ematen diot dantzan'

Mireia Galarza Bastida 2024ko abu. 1a, 12:30

Tamara Arruti dantzaria. (utzitakoa)

BIO·ME lana estreinatu berri du Tamara Arruti dantzariak (Zarautz, 1989), eta "gustura" dago jasotako erantzunarekin. Belgikan bizi izan da hamabi urtez.

Orain dela gutxi estreinatu duzue BIO·ME lana. Nola joan zen estreinaldia?

Egia esan, zoragarria izan zen, hunkigarria. Urduri geunden, baina, aldi berean, oso gogotsu ordubeteko gure sorkuntza bat taularatzeko. Oso aberatsa da horrelako aukera bat izatea, are gehiago antzokia goraino beteta dagoenean. Jendearen babesa sumatu genuen, baita beraien emozioak ere. Orokorrean, ikusleak istorioan sartuta zeudela nabaritzen genuen. Eta, nola ez, gure familia eta hainbat lagun ere bertan izan ziren; hori beti da pozgarria. Ezin daiteke gehiago eskatu.

"Istorio berri bat, talde berri bat, baina maitasun berbera", esan duzu Instagramen. Zer esan nahi du horrek?

Esaldi hori jarri nuen Belgikan hamabi urte igaro ditudalako bizitzen. Bertan dantza talde bateko kide nintzen, eta nire lankideekin batera momentu asko bizitakoa naiz: txapelketetan parte hartzen genuen, ikuskizunak sortzen genituen... Azkenean, familia bat bihurtu zen talde hura, eta niretzat funtsezkoa den konexioa zegoen gure artean, denbora asko igarotzen nuelako beraiekin. Espainiara bizitzera joan nintzenean sentitu nuen istorio asko atzean utzi nituela, baita lan eta maitasun asko ere.

Horregatik, esperientziak elkarbanatzeko modu hori berreskuratu nahi izan dut, elkarren arteko desberdintasunak besarkatu eta lana egiten uzten digun modu hori. Energia hori lankide berriekin ari naiz elkarbanatzen, baina pentsatzeko modua eta abiapuntua berbera da. Ametsa izango litzateke Belgikako eta Madrilgo bi familia horiek elkartu eta egunen batean zerbait guztiok elkarrekin prestatzea.

Non ikusteko aukera izango da zuen lan berria?

Aurreneko emankizuna grabatu egin genuen, eta asmoa da antzokiekin, programatzaileekin eta banatzaileekin kontaktuan jartzea. Momentuz ez daukagu beste emanaldirik itxita, baina horretan gabiltza, eta emanaldiak lotzeko gogoz gaude. Behin eskatzen hasita, Belgikara joatea ere amets bat izango litzateke. Hori bai, BIO · ME lanaren bertsio murriztua ere badugu, otsailean Lleidan [Katalunia] aurkeztu genuena, eta berriro taularatuko dugu egunotan Nazioarteko Burgos-Nueva York Txapelketan.

Dena den, BIO·ME lanaz gain, beste lan batzuk ere badituzu esku artean. Zeintzuk?

Bai, hala da. Han eta hemen ditut proiektu txikiak, eta dantza tailerrak ere eskaintzen ditut nazioartean: Alemanian, Txekian, Espainian... Madrilen geroz eta klase gehiago ari naiz ematen, eta gustura hartzen dut hori, beste herrialde batzuetan ere nire izena zabaltzeko balio baitit. Castingak egiten ere ari naiz, baina proiektu horiei buruz oraindik ezin dut ezer esan.

Baldur´s Gate III bideojokoko pertsonaiei ere jarri zenien mugimendua, ezta?

Abentura handi bat izan zen hori, asko gozatu nuena. Nirekin harremanetan jarri ziren hainbat pertsonaiaren mugimenduak sortu nahi zituztelako, eta pixkanaka hasi ginen lanean. Azken finean, beraiek esaten zidaten pertsonaiaren izaera zein zen, eta horren arabera egiten genituen mugimenduak: babesteko mugimendu bat, erasorako beste bat, beraien sorginkeria egitekoa... Batzuetan atrezzoa ere erabiltzen genuen, hala nola ezpata edo musika instrumentu bat, pertsonaiak bazuelako bat, eta errealismoa emateko.

Erraza ematen duen lana izan daiteke, baina zinez diot asko-asko izerditu nuela, mugimenduak erresgistratzeko jantzi bat ere jartzen zidatelako. Bideojokoak sari asko irabazi zituen, eta egia esan, ohore handia izan zen hori, taldearen parte izan nintzelako.

Orokorrean, zein dantza estilo praktikatzen duzu?

Beti diot nahasketa bat naizela, ez daukat erabat definitutako estilo bakarra. Dena dela, oinarrian hip-hopa eta estilo garaikidea lantzen ditudala esango nuke, nahiz eta, besteak beste, jazz edo balleteko klaseak jaso ditudan. Ahalik eta formazio gehien jasotzen saiatu naiz, eta hortik aurrera, egoeraren arabera, gehiago jotzen dut estilo batera edo bestera.

Nire estiloa ere ni aldatzen noan bezala aldatzen da, eta horrenbestez, nire dantza egiteko modua ez da orain dela bost urte nuen berbera. Orokorrean, indarra asko erabiltzen dut, eta testurak eta abiadura ere aldatzen joaten naiz. Hala eta guztiz ere, lehen esan bezala, konexioari garrantzi handia ematen diot, bai nire buruarekin dudanari, baina baita besteekin sortzen dudanari ere.

Zarauztarra izan arren, urte asko dira kanpoan bizi zarela. Zer dela-eta joan zinen?

18 urte nituela Kantabriara [Espainia] joan nintzen Fisioterapia gradua ikastera. Hiru urte igaro nituen han, eta, ondoren, Belgikara joan nintzen, adimen desgaitasuna duten pertsonekin lan egitera. Nire asmoa zen bertan pare bat urte igarotzea, baina gero krisia iritsi zen Espainiara, eta Belgikan gelditu nintzen. Orduan hasi nintzen dantza klaseak ematen han-hemenka.

So You Think You Can Dance telebista programan ere parte hartu zenuen. Zertarako balio izan zizun esperientzia horrek?

Belgikan nengoen orduan, eta lankide batek nire izena eman zuen saio horretan parte hartzeko. Hautaketa probak igaro nituen pixkanaka-pixkanaka, eta 3.000 pertsonatatik hemezortzi bakarrik aukeratu gintuzten. Bat-batean profesional pila bat nituen inguruan, eta asko ikasi nuen; gainera, niretzat ederra izan zen saioa hirugarren amaitzea.

Lan aukerak ugaritu zitzaizkidan programa amaitu berritan, eta fisioterapia mundua utzita, dantzan murgiltzea erabaki nuen guztiz. Esan dezaket, programaren bitartez, jendeak ni ezagutzea lortu nuela, dantzarien erakusleihoan kokatzea. Dena dela, gero lan asko egin behar da lortutako oihartzuna ez galtzeko eta mundu horretan hazteko.

Harrezkeroztik, artista askorekin egin duzu lan, eta arlo desberdinetan: zuzendari, koreografo... aritu zara. Zure bidea bilatu duzula sentitzen al duzu?

Dantzari bezala, telebista saioa eta gero hasi nintzen nire ibilbide profesionala sortzen, baina egia da ez naizela oso altua, eta horregatik, bestelako lanak sortzen hasi zitzaizkidan: bideoklipetako dantza zuzendari, koreografia sortzaile, kontzertuetako ikuskizun sortzaile, irakasle... aritu naiz. Erronkak gustatzen zaizkit, ez zait damu sentipenarekin geratzea gustatzen.

Eta hainbeste gauza probatuta, zein erronka dituzu etorkizunerako?

Nire helburua da Belgikan sentitzen nuen puntu berera iristea, leku horretan neukan lan egiteko modua lortzea. Horretarako jendea ezagutu nahi dut, eta beraiekin proiektuak sortu. Coach bezala ere lan egiten dut dantzaren bitartez, eta arlo horretan ere nire lekua egin nahi dut. Azken finean, nire helburua da dantzaren bitartez konexioa bilatzea, bai zuzentzen ari naizenean, bai irakasle bezala, bai dantzan ari naizenean... Hizkuntzez harago doan zerbait da dantza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide