Burgosko Aparejadores errugbi taldearekin fitxatu du Martin Sorreluzek

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 22a, 10:00

Martin Sorreluz ZRTrekin aurten jokatutako partida batean. (Prestaenea)

Jokalari zarauztarra Espainiako Ohorezko Mailan arituko da aurrerantzean eta punta-puntako talde batean, gainera. Urko Zumeta herrikidea izango du taldekide.

Martin Sorreluz errugbi jokalari zarauztarra Espainiako Ohorezko Mailan arituko da datorren denboraldian herriko Zarautz Rugby Taldea utzi ondoren. Burgosko Aparejadores Rugby taldean jokatuko du, hain zuzen ere. Urko Zumeta herrikidearen talde berean, alegia. ZRTn hazitakoa da Zumeta, era berean.

Sorreluzek ez du nolanahiko taldearekin sinatu; izan ere, Ohorezko Mailako txapeldun ordea eta Errege Kopako egungo txapelduna da Burgosko Aparejadores Rugby. Espainiako errugbi talde onenetakoa, beraz. Hori horrela, etorkizun oparoa aurreikusten zaion 21 urteko jokalari zarauztarrak aurrera urrats garrantzitsua egingo du bere kirol ibilbidean. Bi denboralditarako kontratua sinatu, nahiz eta bigarren denboraldiko baldintzak zehazteko dituen oraindik. Lehenengoa amaitutakoan negoziatuko dituzte bi aldeek.

Joan den urtean sekulako maila erakutsi zuen Sorreluzek herriko taldearekin ohorezko B mailan nahiz 20 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin. Mailaz igotzeko paly-offa jokatu zuen ZRTrekin eta World Rugby U20 Trophy txapelketa irabazi zuen selekzioarekin udan. Azken denboraldian, ordea, sorbaldan izandako lesioa tarteko parte hartze txikia izan du; izan ere, ligako lehenengo itzuliko zazpi partida baino ez ditu jokatu. Azken horrek, ordea, ez du atzera bota Gaztela eta Leongo taldea; datorren sasoian entrenatzaile izango duen Jose Garciak nabarmendu duenez, Sorreluz "oso jokalari moldakorra da eta partida berean hainbat postutan jokatu dezake. Gainera, oso gaztea da eta balio erantsia da hori".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide