Atzo amaitu zuten ostegun gauean hasitako Bertso Astea herriko bertsolariek eta bertsozaleek. Ohi bezala, Bertso Txepelketa baliatu zuten horretarako, eta hamar lagun izan ziren aurtengoan izena eman zutenak. 10:30 pasatxo elkartu ziren guztiak Musika Plazan, hamaiketakoa egiteko, lehendabizi, eta tabernaz taberna kantuan aritzeko, ondoren.
Taberna bakoitzean bi bertsolari aritu ziren elkarri zirika tragoa hartzen zuten bitartean eta Urpekoak elkarte gastronomikoan egin zuten azken geldialdia. Bertan, bazkaria egin zuten Bertso Txepelketan elkartutako guztiek, bertsolariek nahiz haien bidelagun izan ziren zaleek, eta, bazkalostean, azken buruz burukoak egin zituzten.