Inoizko kukaña zailenak gaur izango du estreinako saioa

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uztailaren 4a

Gazte bat moilako kukaña berrian. (Gorka Eizagirre)

Antolatzaileek "korrika eta presaka" ibili behar izan dute moilako masta berria ezartzeko. Aurreko urteetakoa baino bi metro luzeagoa da aurtengo enborra.

Zarautz Arraun Elkarteak antolatuta, gaur arratsaldean abiatuko dute moilan udako kukaña eta ur jolasen denboraldia. Lau saio egingo dituzte orotara; izan ere, hilaren 18rako eta abuztuaren 8rako eta 22rako ere programatu dituzte, 17:00etan hasita. Ostegunak dira guztiak. Estreinaldira garaiz iristeko, ordea, buruhauste bat baino gehiago izan dute ZAEko kideek. Hainbesterainokoa izan da, aurtengo jolasak "bertan behera uztear" ere egon direla, Jon Artola klubeko presidente ohiak eta kukaña arduradunak aitortu duenez.

Kukaña jolasak egin ahal izateko funtsezkoa den enborrak berak eman ditu arazoak, hain zuzen ere. Berria da, eta, aldaketak espero baino eragozpen gehiago sortu dituela azaldu du Artolak: "Negu osoa eman dugu kukaña berriaren bila, eta, hala, konturatu gara uste genuena baino zailagoa dela enbor egokia lortzea. Orain arte ohikoa zen telefono posteak erabiltzea, baina ematen dieten tratamendu berezia kentzeko prozesua oso zorrotza da gaur egun eta Madrilen egiten dute".

Hori horrela, azkenean "basora" jo zutela adierazi du ZAEko kideak: "Aralarkora eraman gintuzten, eta, han, gustatu zitzaigun Artelatza aukeratu genuen. Zuhaitza moztu ondoren, arraun elkartera eraman genuen behar bezala prestatzeko. Hiru bat hilabetez izan genuen lehortzen, eta, garbitu eta leundu eta gero ekaina hasieran jarri genuen moilan kukaña berria; aurreko urteetakoa baino finagoa eta bi metro luzeagoa".

Horrekin guztiarekin gutxi ez eta jolasak abiatzeko aste gutxiren faltan, hautsi egin zuten kukaña "erabilera desegokia" egiteagatik. "Jende pila bat elkarrekin jarri zen kukañaren puntan, aldi berean, eta pitzatu egin zuten. Enborra ez zen bi zatitan geratu, baina punta uretara jausi zen heldulekutik zintzilik, eta egurrezko txirrista gisa geratu zen kukaña", zehaztu du ZAEko presidente ohiak. Halaber, argitu du "sareetan bideo bat bolo-bolo ibili zelako" jakin dutela nola puskatu zen.

Ordezkoa Azpeitian

Lehenengo kukaña saioa gaurko egunez izango zela jada iragarrita zutenez, "korrika eta presaka" bilatu behar izan dute berria herriko arraun taldeko kideak. Nolanahi ere, "gustura" geratu dira topatu duten ordezkoarekin, "uda osoan eutsiko" diolakoan. "Aurrez jotako ateetara jo genuen berriro eta Azpeitiko zerrategi batean esan ziguten bazutela behar genuen ezaugarrietako enbor bat. Hara joan ginen ikustera, eta, egokia iruditu zitzaigun. Apurtutakoaren luzera berekoa, bederatzi metrokoa ur gainean, baina sendoagoa da", azaldu du Artolak.

Azken horren harira, jakinarazi du "garabiari deitu" behar izan ziotela ordezko kukaña aurrekoa zegoen tokian jarri ahal izateko. Bada, horrekin ere izan zituzten gorabeherak: "Joan den asteko ostegunean jarri genuen, trafikoa eten beharko zutelako errepidean eta ez genuelako horretarako baimenik. Azken unean eman ziguten, eta, hala, moilak kukaña du berriro".

Aurreko urteetako kukaña aldatzeko arrazoia ere eman du Artolak: "Azken hamabi urteetan erabilitakoa aurrez telefono postea izan zen. Iazko uda amaitzean, ordea, aldatzea erabaki genuen, oso kaltetuta zegoelako. Hainbat urtetan errematxaketak eginda aurrera egin genuen, baina azkenekoz kendu ondoren ikusi genuen jada ezin zela erabili".

Arrauneko klubak erreskatatutako tradizioa

Moilako kukaña jolasa azken udaldietan berriz indartu bada ere, bere arrakasta ez da berria. Gaur egun ZAEk antolatzen du, baina 2010ean ekin ziola gogoratu du Jon Artola klubeko lehendakari ohiak 90eko hamarkadatik zegoen hutsunea betetzeko. Aurrez, kofradiak, lehendabizi, eta, Batelen elkarteak, ondoren, antolatu zuten.

Artolak zehaztu du, halaber, «1890 ingurukoak» direla kukañari lotuta aurkitu dituzten lehenengo irudiak, eta, zenbait ohitura zituztela artean: "Uztaileko eta abuztuko marea bizietako ostegunetan antolatzen zituzten kukaña jolasak itsasgora arratsaldez egokitzen zenean. Beti, 17:00etan". ZAEk usadio hori ere berreskuratu du.

Lehenengo edizioetatik hona izan da aldaketarik, halere: "Kukaña lehengo bera da, grasaz igurtzitako enbor labainkorraren puntan dagoen banderatxoa hartzean datza. Saria, ordea, bestelakoa da. Lehen, pezetatan ordaintzen zieten irabazleei, eta, orain, lortutako banderatxo bakoitzeko izozkia ematen diegu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide