Eskubaloia euriaren aurka lehian

Aritz Mutiozabal 2024ko ekainaren 29a

Eguraldi kaskarrak ez du zapuztu Txaparrotan kirol egitasmoaren haurren asteburua. 105 taldek eman dute izena eta goizean goizetik ekin diote festari.

"Ez gaitu inork geldituko!". Euskal abesti baten leloak halaxe aldarrikatzen du, beste batek "Euritan dantza, euritan dantzan" errepikatzen duen bitartean. Bien arteko uztarketak balio izan du eta oraindik ere baliagarria da gaurkorako, Haurren Txaparrotan hondartzako eskubaloi festaren lehen jardunaldirako. Berdin dio eguraldi kaskarra izan bada talde parte hartzaile guztien arerioa; gogoa eta ilusioa nabarmentzen direnean, edozer zirkunstantziari egin dakioke aurre.

Guztira, 105 taldek eman dute izena -benjamin, kimu eta infantil mailetan banatuta- gaur eta bihar  eskubaloian jokatzeko, eta goizean goizetik lehian hasi direnek dagoeneko erakutsi dute lagunarteaz harago, batzuek oso serio hartu dutela kirol egitasmoa. Ez direla txantxetara joan, alegia.

Ea biharko eguraldiak hobera egiten duen eta urteroko giroa bizitzeko aukera duten partaideek eta antolakuntzak Desertu Txikian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide