Zarauztarrek Palestinaren alde egin dute gaurko kontzentrazioan

Julene Sorarrain 2024ko eka. 23a, 14:00

Palestina askatu lelopean, Munoan hasi eta malekoian zehar mugitu dira herritarrak, Palestinaren aldeko banderak eta kartelak erakutsiz. 

Gernika-Palestina taldearekin elkarlanean, Palestinaren aldeko kontzentrazio ibiltaria egin du Zarautz Herri Ekimenak gaur goizean. Helburua da Palestinako genozidioa salatzea eta bertako herritarrei babesa erakustea. Kontzentrazioa malekoitik ez ezik, itsasotik ere jarraitu dute. Hainbat belaontzi gerturatu dira itsasertzera beren elkartasuna erakusteko asmotan. Nahiz eta eguraldiak ez lagundu eta behe-lainoak itsasoa estali, belaontzien Palestinako banderak ikusi ahal izan dira malekoitik.

Itsas pasealeku osoa zeharkatu ostean, berriz Munoara itzuli dira eta bertan Gernika-Palestina Herri Ekimenaren manifestua irakurri dute: "Euskal Herritarrok Palestinarekin gaude eta okupazioa eta genozidioa salatzen dugu; horrek batzen gaitu. Euskal Herria solidarioa gara, ez dugu herri bakar bat ere utzi nahi indartsuaren legearen menpe. Herrian subiranotasuna onartzeko eskatzen dugu, etorkizuna kanpoko tutoretzarik gabe erabaki dezagun, desadostasunak modu baketsuan konpontzeko eta eskalada militaristak ekiditzeko exijitzen dugu. Horregatik, Israeli eta Palestinari dagokien Nazio Batuen ebazpenak zorrotz betetzeko eskatzen dugu. Baita Nazioarteko Komunitateak Palestinako Estatua onartzeko ere. Bakearen eta herrien burujabetzaren aurre, genozidioari stop eta aupa Palestina!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide