Jai giroan murgildu dira Iñurritza auzoan

Julene Sorarrain 2024ko eka. 23a, 11:30

Txakolin dastaketarekin eta Jalgi dantza taldearen emanaldiarekin ekin zioten atzo auzoko jaiei.

Urtero bezela, San Pelaio Jaien atarikoa ari dira ospatzen Iñurritzako auzoan eta jai batzordeak egitarau oparoa antolatu du egun hauetarako. Atzo, kalezkako pilota txapelketarekin hasi zuten eguna, Iñurritzako frontoian. Gazteenek ere disfrutatu zuten egunaz, Mendi marrazki txokoan eta Apaxi ipuin kontalariaren ikuskizunarekin. Jarraian, eskualdeko uzta dastatzeko aukera izan zuten herritarrek, besteak beste, Orioko Katxina, Zarauzko Talai-Berri eta Mokoroa eta Getariako Akarregi Txiki bodegetako txalokinak eskaini zituzten.

Arratsaldean, Jalgi dantza taldeko helduek, gazteek eta haurrek kolorez bete zuten Iñurritzako zelaia beren dantza emanaldiekin. Eguraldiak azken momenturaino lagundu zien, eta auzora bertaratu zirenek jaiak ospatzen jarraitu zuten Hamarru Elektrotxaranagaren eskutik. Auzoko jaiak datorren asteartean lehertuko dira sanpelaioekin.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide