Eusko-Nafar Jokoak jokatuko dituzte gaur Desertu Txikian

Julene Sorarrain 2024ko eka. 23a, 10:30

Txaparrotan Txapelketaren atariko, gaur Eusko-Nafar Jokoak jokatuko dituzte egun osoan zehar Desertu Txikian, 10:00tik 20:00ra bitartean.

Txaparrotan Txapelketa gainean da eta udako denboraldian sartu berri, hondartzako eskubaloi txapelketak hasi dira jokatzen Zarautzen. Atzo Euskadiko zirkuituko azken aurreko jardunaldian lehiatu ziren kadete, jubenil eta senior mailetako taldeak.

Hainbat herritar, familiarteko eta lagun gerturatu ziren atzo egun osoko jardunaldia ikustera, eta eguraldiaren laguntzarekin, jokalariek nahiz ikusleek gozatu ahal izan zuten eskubaloiaz. Kadete mailako partida guztiak larunbatean jokatu zituzten, jubenil eta seniorrenak ez bezala. Azken horiek finalaurrekoak eta finalak izango dituzte gaur. Euskadiko zirkuituko azken jardunaldia Getxon (Bizkaia) egingo dute uztailaren 13 eta 14ko asteburuan.

Desertu Txikira bertaratzen direnek, kadeteen finalaurrekoez gain, Eusko-Nafar jokoak ikusteko aukera ere izango dute gaur. Izan ere, uztailaren 1, 2 eta 3an Murtzian (Espainia) jokatuko duten Autonomia Erkidego arteko Espainiako Hondartzako Eskubaloi Txapelketa prestatzeko balioko die Euskadiko eta Nafarroako selekzioei. Partidak 10:00tik 20:00ra izango dira gaur Desertu Txikian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide