Giro onean hasi dituzte Zelai Ondoko jaiak

Julene Sorarrain 2024ko eka. 22a, 14:30

Urtero bezala, txupinarekin eta banderaren igoerarekin hasi zituzten jaiak. Asteburuan zehar jarraituko dute helduentzako nahiz haurrentzako ospakizunekin.

Zelai Ondoko Jai Batzordeak egitarau biribila osatu du aurtengo jaiak ospatzeko. Ez ziren falta atzo urteroko parrillada eta erromeria, aurten Bide Batez taldearen eskutik eskainia. Festek gaur ere jarraituko dute, txikienentzat puzgarriak eta Haize-Orratz Gaztelekuaren eskutik antolatutako Gazte Gunea izango dira gaur arratsaldean pistan. Bolatokia eta toka ere irekiko dituzte Bol&Tok taldearen eskutik; haurrek 17:00tik 18:00ra bitartean jokatuko ahalko dute; gazteek 18:00tik 19:00ra bitartean; eta helduek, aldiz, 19:00tik 20:00ra bitartean.

Gauean herriko parrillada egingo dute bolatokian 19:30ean hasita, eta gerturatzen direnek DJ Dávilaren saioa entzun ahalko dute, 20:00tik 22:00ra bitartean. Gauean ere ez da musika faltako, egunari amaiera emateko, gaurkoan Fan&Go taldearen txanda izango da pista gorria girotzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide