Arranopolaren akordeak dituzte udaldiko ostegunek

Aritz Mutiozabal 2024ko eka. 21a, 11:00

Arranopolako kideak, udako kartela eskuetan dutela. (Arranopola)

Uztailaren 4tik hasita, zortzi kontzertu eskainiko dituzte Musika Plazan. Urriaren 5ean egingo dute elkartearen 40. urteurreneko ospakizun nagusia.

Aurten 40 urte bete ditu Zarauzko Arrano Kabia elkarteak, eta urte hasieratik makina bat jarduera antolatu ditu urteurrena ospatze aldera; besteak beste, Lerroarte literatura saioak, mus txapelketa, euskal rock erradikalaren gaua, kontzertuak, bakarrizketa saioak, hitzaldiak, haurrentzako buruhandi tailerra eta abar. Lehen seihilekoa giro ezin hobean osatu ondoren, elkarteak datozen hilabeteetarako dituen egitasmoen berri eman du, eta epe laburrera behinena, udako Arranopola musika zikloa izango da.

Ohi bezala, aurten ere kontzertuz beteko da Musika Plaza uztaileko eta abuztuko ostegunetan. Egitaraua dagoeneko prest dute, eta, guztira, zortzi emanaldi lotu dituzte. Arranopolako kideek nabarmendu dutenez, "estilo eta proposamen askotako" eskaintza programatzen saiatu dira udaldi honetan ere. Gainera, azpimarratu dute lau kontzertutan zarauztarren bat izango dela oholtza gainean, baita gozatu ahal izango diren bost proposamen emakumeek gidaturikoak direla ere.

Iaz bezala, Arranon astero biltzen den gitarra taldeak emango dio hasiera zikloari, uztailaren 4an. Jarraian, astero-astero, Keia, Assata, Aria, Neu Troia, D’Capricho, Samba Badago eta Slow Times Blues Banden txanda izango da hurrenez hurren; abuztuaren 15ean ez da emanaldirik izango, amabirjinak direlako. 

Kontzertu guztiak 20:00etan izango dira Musika Plazan, Arrano tabernaren ondoan atonduko duten agertoki txikian; ostegunetan izango dira, uztailaren 24an salbu, asteazkenean izango delako. Jakinarazi dutenez, kontzertu arratsaldeetan eskaintza bereziak egongo dira tabernan.

Udako eskaintza igaro ondoren, ospakizunek ez dutela etenik izango nabarmendu dute elkarteko kideek. Hain justu ere, urriaren 5ean ospatuko dute 40. urteurreneko egun nagusia. Laster jakinaraziko dute hitzordu horretarako prestatzen ari diren egun osoko egitaraua, baina, momentuz, zarauztarrei data hori «gordetzeko» eskatu diete.

Espazio berria

Ospakizunak ospakizun, Arranopolak kultur ekintzekin jarraitzeko asmoa dauka udazkenetik aurrera. Horretarako, Arrano tabernaren barnealdean dagoen espazio bat atondu dute auzolanean, eta herritarrei eskaini nahi diete, "Zarauzko kultur eskaintza ireki eta aberastu asmoz". Kontzertu akustiko edo intimoagoak, bakarrizketak, antzezlanak, poesia errezitaldiak edo bestelako proiektu artiskoak hartuko lituzke erabilera anitzeko aretoak. 

Arranopola proposamenak entzuteko prest dago, eta norbaitek bere proiektua hango aretoa erabilita garatu edo aurkeztu nahiko balu, arranopola@arrano.eus posta elektronikora idatz dezake.

ARRANOPOLA

Uztailak 4, osteguna

20:00. Arranoko Gitarra Taldearen emanaldia.

Uztailak 11, osteguna

20:00. Keia.

Uztailak 18, osteguna

20:00. Assata.

Uztailak 24, asteazkena

20:00. Aria.

Abuztuak 1, osteguna

20:00. Neu Troia.

Abuztuak 8, osteguna

20:00. D'Capricho.

Abuztuak 22, osteguna

20:00. Samba Badago.

Abuztuak 29, osteguna

20:00. Slow Times Blues Band.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide