Aste honetan amaituko da Basarri Bertsopaper lehiaketan izena emateko epea

Julene Sorarrain 2024ko eka. 18a, 10:00

Aner Pertiz, iazko lehiaketako irabazlea Andoni EgaƱa epaimahaikidearekin eta Irune Urbieta zinegotziarekin. (Zarauzko Udala)

Lanak aurkezteko epea ekainaren 21era arte egongo da zabalik, eta epaia uztailaren 4an jakinaraziko dute.

Zarauzko Udalak Basarri bertsopaper sariaren 40. edizioa antolatu du. Lehiaketaren helburua da euskara eta bertsolaritza sustatzea, baita euskal sormenean eragitea ere. Aurtengo edizioko epaimahaia Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Unai Muniainek osatuko dute. Zarauzko Udalak idazkari bat izendatuko du, epaileen arteko batzarra deitzeko, erabakia jasotzeko eta irabazleari jakinarazteko. Edonork parte har dezake lehiaketan, eta parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahalko ditu gehienez. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.

Sariketan parte hartzeko, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte lanek: bertsopaper bakoitzak, gutxienez, zortzi bertso izan behar ditu; gaia librea izango da; bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztuko da; parte hartzaileek gehienez bi lan bidal ditzakete; eta azkenik, lanak originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dira.

Lanak kultura@zarautz.eus helbidera bidali beharko dira, eta bi pdf artxibo aurkeztu: alde batetik, bertso sortaren izenburua eta parentesi artean egilearen izengoitia, eta bestetik, izen emate orria osatuta eta sinatuta. Bertsotik bertsora bi lerro zuriko tartea utzi beharko da. Lana jaso izanaren ziurtagiria bidaliko diete egileei; beraz, mezurik ez bada jasotzen, lanak behar bezala aurkeztu ez diren seinale izango da.

Sari bakarra emango dute, 1.800 eurokoa. Banaketa Bertso Astean egingo dute, uztailean. Lanak aurkezteko epea ekainaren 21era arte egongo da zabalik, eta epaia uztailaren 4an jakinaraziko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide