Usoa Ostolazak Piriniotako Tourreko bigarren etapa irabazi du

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 16a, 11:00

Usoa Ostolaza atzo, AUbisqueko podiumean. (@ActuCyclismeFem)

Txirrindulari zarauztarra bakarrik helmugaratu da eta 26 segundo atera dizkio bigarrenari. Horrekin batera, lasterketako liderraren elastikoa ere jantzi du.

Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindulari zarauztarrak Piriniotako Tourreko lidergoa hartu zuen atzo Aubisqueko mendatean amaitutako bigarren etapa irabazi ondoren. Bikain igo zuen Ostolazak 16,8 kilometro luze eta % 7,1eko bataz besteko penditza duen mendatea eta bakarrik helmugaratu zen bigarren sailkatuarti 26 segundo aterata. Lau kilometroren faltan harrapatu eta gainditu zuen ordura arte lasterketa buruan zihoan txirrindularia. Hirugarren, berriz, Yurani Blanco zarauztarren taldekidea izan zen ia minutu batera.

Garaipenarekin pozik agertu zen Laboral Kutxako txirrindularia: "Garaipen oso berezia da. Oso pozik gaude egin dugun lasterketarekin eta Aubisque bezalako mendate garrantzitsu batean garaipena lortzeagatik. Bagenekien taldeak maila ona erakutsi zezakeela, garaipena lehiatzeko aukerak baikenituen, eta hala izan da. Taldekideek lan bikaina egin dute Aubisqueren oinera arte lasterketa kontrolpean izateko, eta behin mendatea hasita, bakoitza bere lekura joan da. Yurani eta biok gora egin dugu indarrak neurtzen, eta azkenean nik irabazi ahal izan dut eta Yuranik hirugarren postua lortu du".

Piriniotako Tourra gaur amaituko dute eta lidergoari eusten ahaleginduko da Ostolaza: "Sailkapen nagusia lortzeko eta itzulia irabazteko lehiatuko gara". 125 kilometro pasatxo egingo dituzte txirrindulariek azken etapan Nayen hasi eta Bosdarrosen amaituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide