Hitzordu garrantzitsua izango dute Jakes Iruretagoiena Izeta V.ak eta Maddi Gesalagak igandean Tolosako zezen plazan. Biek ala biek dituzte 15 urte, eta biak dira zarauztarrak, baina bakoitzak erronka desberdin bati egin beharko dio aurre.
Hain zuzen ere, I. Gazteen Mailako Euskal Pentatloian parte hartuko du lehenengoak, eta 125 kiloko errektangular zaharrarekin errekorra ezartzen saiatuko da bigarrengoa bost minutuko tartean. Iruretagoienak Jon Zaldua Zaldua II.arekin neurtuko ditu indarrak, eta hurrengo lanak egin beharko dituzte: 63 kiloko bolari 8 altxaldi, 250 kiloko harriarekin plaza bat, kanaerdiko bat aizkoran, 35 kiloko txingekin hiru plaza eta kilometro bat korrikan.
Bi proba horietaz gain, II. Mailako Emakumezkoen eta Gizonezkoen Euskal Pentatloi probak ere jokatuko dituzte. Lehenengoan Amalur Arbelaitz eta Ane Zapirain ariko dira, eta guztira bost proba egin beharko dituzte: 63 kiloko bolari 8 altxaldi, 250 kiloko harriarekin plaza bat, 45 ontzako enbor bat moztu aizkoran, 35 kiloko txingekin hiru plaza eta kilometro bat korrikan. Gizonezkoetan Jon Bengoetxea, Iker Goldarazena, Beñat Telleria, Ander Altuna eta Daniel Españak jokatuko dute pentatloia, eta horiek ere bost probatan neurtuko dituzte indarrak: 8 altxaldi 100 kiloko bolarekin, 400 kiloko harriarekin plaza bat, kanaerdiko bat aizkoran, 50 kiloko txingekin plaza bat eta kilometro bat korrikan.