"Etxeko partida denak irabazita, konfiantzaz beteta lehiatuko gara"

Jabi Gonzalez Toston - Gorka Eizagirre 2024ko mai. 17a, 11:00

Zilarrezko mailara itzultzeko igoera fasea jokatuko du Amenabar Zarautzek gaurtik hasita. Etxean arituko direnez, Oihan Balentziaga eta Oihan Etxeberria taldeko jokalariek uste dute lortuko dutela helburua.

Amenabar Zarautzek, Zarautz Kirol Elkartearen eskubaloi ataleko gizonezkoen lehen taldeak iaz galdutako zilarrezko maila berreskuratzeko igoera fasea jokatuko du gaurtik igandera bitartean. Zaleen aurrean egingo du Aritzbatalden, eta klubak 37.000 euroko inbertsioa egin du horretarako, erakunde publikoen eta babesleen laguntzarekin. Goraino beteko dituzten harmailen bultzadarekin helburua beteko dutelakoan dira Oihan Etxeberria (Zarautz, 2005) eta Oihan Balentziaga (Zarautz, 1998) taldeko jokalariak.

Zer-nolako sentipenak dituzue gaurtik igandera jokatuko dituzuen azken partida erabakigarrien atarian?

Oihan Balentziaga: Nahiko lasai gaude, egia esan. Denboraldi ona egin dugu, konstanteak izan gara, eta horren saria da igoera fasea etxean jokatuko dugula gure zaleen aurrean. Badakigu harmailak aldeko izango ditugula, eta ilusio handiarekin ekingo diogu.

Oihan Etxeberria: Konfiantzaz beteta ere bagaude. Denboraldi honetan Aritzbatalden jokatutako partida guztiak irabazi ditugu, eta igoera fasea ere bertan lehiatuko dugunez, are gehiago sinesten dugu geure aukeretan.

Zergatik ematen diozue hainbesteko garrantzia igoera fasea etxean jokatzeari?

O. E. : Zaleen bultzadak eta gozotasunak indar handiagoa emango digulako. Azken finean, gure gertukoen aurrean aritzeak eta animoak jasotzeak berez dugun jokatzeko gogoa are gehiago piztuko digu. Hasieran urduri ere egongo gara, noski, baina badakigu urduritasun horiek gozamena bilakatuko direla gero.

Partida guztiak irabazi eta iaz galdutako maila berreskuratzea duzue xede, beraz.

O. B. : Denboraldi hasieran igoera fasera iristeko helburua jarri genion gure buruari. Hori lortu dugu, eta, orain, fasea irabazi eta egindako lan ona borobildu nahi dugu, bai.

O. E. : Nik lehen urtea dut senior mailan, eta, ondorioz, ez dut zilarrezko mailan jokatzeko aukerarik izan. Horregatik, Lehen Maila Nazionalean aritu ondoren, jauzia egin nahiko nuke maila bat gorago aritzeko. Maila altuagoko kategoria izanik, jokalariek kalitate handiagoa dute, eta ni bezalako jokalari gazte batentzat garrantzitsua litzateke bertan jokatzea ikasten jarraitzeko. Era berean, klubarentzat berarentzat aurrerapauso handia litzateke zilarrezko mailara itzultzea.

Maila galdu duten taldeentzat askotan ez da erraza izaten kategoria berrira egokitzea, nahiz eta maila altuagoko taldeen aurka jokatzera ohituta egon. Zuek, ordea, primeran aritu zarete. Sasoi osoan hiru partida galdu dituzue, soilik.

O. B. : Dezenteko aldea dago maila batetik bestera, eta lehenengo partidak kostatuta atera genituen aurrera. Gainera, 11 urtez zilarrezko mailan jokatu ondoren, aurkariak ez genituen askorik ezagutzen. Dena den, azkenerako ongi egokitu gara eta oso pozik gaude osatu dugun denboraldiarekin.

Kategoriara ez ezik, entrenatzaile berriaren jokora ere egokitu behar izan duzue.

O. B. : Gurekin lehenengo denboraldia izan badu ere, eskarmentu handikoa da, eta Lehenengo Maila Nazionalean aritutakoa. Horrez gain, ongi egokitu da taldera eta guk ere ongi hartu dugu. Lortu ditugun emaitzek ere horixe erakusten dute; bi aldeek egin dugu lan ona.

Aurkariei erreparatuta, denboraldi osoan ez duzue aurrean izango dituzuen hiru taldeen kontra jokatu beharrik izan, beste multzo batzuetan aritu direlako. Dena den, sakon aztertu dituzue prestaketan. Nolako fasea espero duzue?

O. E. : Gogorra. Lehen Maila Nazionalean dauden sei multzoetako bakoitzeko lehenengo bi sailkatuek soilik lortu dugu faserako txartela; beraz, Zarauzkoa jokatuko dugun lau taldeek erakutsi dugu oso maila ona. Hala ere, gogotsu eta itxaropentsu gaude. Egokitu zaizkigun aurkarien artean bi Kataluniakoak dira, eta hango taldeak oso biziak izan ohi dira. Horrez gain, defentsa irekiak eta oso aurreratuak egin ohi dituzte.

Lehenengo aurkaria, ordea, Andaluziakoa izango da: Cordoba. Nolako taldea da?

O. B.: Askotan aritu gara haien aurka zilarrezko mailan, eta defentsa atzeratua egin ohi dute. Eskarmentu handia duten eta ongi ezagutzen ditugun jokalari beteranoak dituzte, baina baita sekulako maila erakutsi duten gazteak ere.

Arlo fisikoa ere oso garrantzitsua izango da faseari begira, hiru egunetan hiru partida jokatuko dituzuelako. Zein da taldearen egoera denboraldi amaiera honetarako?

O. E. : Zorionez, taldea oso-osorik iritsi da azken txanpa honetara, nahiz eta bidean izan ditugun lesioak. Nik, adibidez, birritan bihurritu dut belauna denboraldi honetan, eta 11 partida galdu ditut horren ondorioz. Lesioek etenaldia egitera behartzen zaituztenez, joko erritmoa galtzea ere eragiten dute, baina jada ondo nago, guztiz osatuta, eta gainerako taldekide guztiak ere bai. Bakar batek ere ez du igoera fasea galduko.

Klubeko gizonen talde nagusiarekin egin duzun lehenengo urtean nahi baino gutxiago parte hartzea eragin dute lesioek, baina hortik harago, pozik al zaude egin duzun sasoiarekin?

O. E. : Oso gustura nago. Taldearen harrera oso ona izan da eta entrenatzaileak ere eman dizkit jokatzeko aukerak. Gainera, oraindik beste hiru partida jokatu behar ditugu, eta nire maila erakusten jarraitzeko baliatu nahi ditut.

Eskarmentu handiagoa duzu zuk lehenengo taldearekin, Balentziaga, eta denboraldiko partida guztietan parte hartu duzu, gainera. Taldeko golegile nagusia ere bazara, 30 partidatan 173 egin dituzu. Faseari begira, arlo horretan ardura handia duzula sentitzen al duzu?

O. B. : Gure taldeak kontraeraso asko egiten dituenez, horrek aukera ematen digu gol gehiago sartzeko hegalean jokatzen dugun jokalarioi. Dena den, taldea laguntzea da nire lehentasuna. Horregatik, nire ekarpena jokaldiak amaitzea eta golak sartzea bada, horri eusten saiatuko naiz.

Igandean ospakizun berezirik egiteko asmorik ba al duzue mailaz igotzea lortuz gero?

O. B. : Fasea irabazi edo galdu, bazkaria egingo dugu igandeko azken partida amaitu ondoren. Hori ziur. Bestelako ospakizunik egiten ote dugun pentsatzeko, ordea, goiz da oraindik. Etorriko da etorri behar duena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide