Aritzbatalde pilotalekua jasotzaile gazteen topaleku

Aritz Mutiozabal 2024ko otsailaren 24a

16 eta 18 urtez azpiko 110 jasotzaile Halterofiliako Espainiako Txapelketa jokatzen ari dira gaur Zarautzen, egun osoan. Parte hartzaileak gogotsu aritu dira lehian, eta harmailetan giroa paregabea izan da.

Halterofiliaren topaleku nagusi bihurtu da Zarautz asteburu honetan, 16 eta 18 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa jokatzeko egoitza bihurtu baita Aritzbatalde pilotalekua. Espainiako Halterofilia Federazioak eta ZKE Halterofilia elkarteak elkarlanean antolatu dute kirol ekitaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin, eta benetan oso modu profesionalean topatu dute parte hartzaileek frontoiko pista: bi tarima elkarren paralelo jarri dituzte, erdian korridore gorri batekin, aldageletara edota ZKE Halterofiliakoen gimnasio berritura sartu-irteteko.

Guztira, 110 jasotzaile elkartu dira, hainbat autonomia erkidegotatik etorritako gizonezkoen nahiz emakumezkoen hamaikana taldeko parte hartzaileak. Guztiak gogotsu aritu dira, beraien marka ondu nahian, eta ahal izanez gero, podiumerako igotzeko borrokan. Pisu gehiagorekin ausartzen ziren, eta batzuk barra zamatsua jasotzeko gai baziren ere, besteek ez zuten lortzen eta ahalegina baliogabetzen zioten epaileek. Espainia mailako txapelketak horixe dauka, zorrotzak direla. Epaile hainbat zeuden pistan, baita gimnasioan ere, monitoreetatik parte hartzaileen mugimen oro kontrolatzen.

Txapelketa goizean goiz hasi da, 09:15ean, 16 urtez azpiko neskekin, eta eguerdian jarraitu du 16 urtez azpiko mutilekin. 14:00 aldera, 18 urtez azpiko nesken txanda hasi da, eta 16:00etik aurrera, kategoria bereko mutilena hastekoa bazen ere, lehia pil-pilean izan da eta azkenean 16:30 pasatxo zirela abiatu dute . Zarauzko taldeko jasotzaileak azken bietan ariko dira nor baino nor. Giroa paregabea izan da, eta harmailetan, jendea pilatzen joan da jardunaldiak aurrera egin ahala Hori bai, txaloak eta animo oihuak etengabe entzun dira, baita zenbait klubetako banderatxoak dantzan ere.

Bihar, bestalde, Espainiako Teknikaren Jardunaldia egingo dute igandean: 10 eta 13 urte bitarteko jasotzaile gazteek beren trebetasun teknikoa erakusteko aukera izango dute.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide