Zurrumurruen Aurkako Sarea da Zas!, eta bere helburuetako bat da etorkinen kontrako zurrumurruen aurrean herritarrak sentsibilizatzea da. Hala, atzo arratsaldean hainbat ekintza egin zituzten herrian, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta.
Zas! Eguna haur eta gaztetxoentzako ekintza banarekin abiatu zen: Sanz Enea kultur etxeko liburutegian haurrentzat ipuin kontalaria egon zen, eta Gaztelekuan, berriz, zurrumurruei buruzko ihes-jokoa, nerabeentzat.
Ekitaldi nagusia, berriz, Modelo aretoan egin zuten 19:00etan hasita, eta "saio polita" joan zela azaldu du Aner Peritz bertso eskolako kideak. Luzea ere bai, bi ordu eta erdi inguru iraun baitzuen. Udal ordezkarien agurraren ondoren –Jesus Arana Gizarte Politikako zinegotziak parte hartu zuen–, Jon Maia musikari eta idazleak solasaldia eskaini zuen, etorkinen semea izanik, bere bizipenak kontatuz. Pertsona migranteen ahotsa ere entzun zen, Zarautzen bizi diren lau lagunek beren esperientziak kontatu baitzituzten mahai inguruan. "Parte hori bereziki ederra izan zen", Peritzen esanetan.
Ekitaldian zehar Motxian-Etxebeltz Bertsoguneko kideak aritu ziren kantuan, bai aurrez prestatutako bertsoak abesten, bai bat-batekoan. Virginia Imaz clownak ere parte hartu zuen, Clownclusiones bakarrizketa "oso dibertigarria" eskainiz, eta amaitzeko, bertso eskolakoek Maiarekin batera bertso batzuk abestu zituzten.
(Argazkiak: Zas! eta Motxian-Etxebeltz Bertsogunea)