Jone Alberdi zarauztarrak sortutako diseinua izango da Zarauzko Udalak aurtengo Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, iragartzeko kartelean eta eskuorrietan erabiliko duena; izan ere, hark irabazi du Martxoak 8ko Kartel Lehiaketa. Hori horrela, 400 euroko saria jasotzearekin batera, egitarauaren eskuorria diseinatzeko ardura izango du orain eta karteleko diseinu bera erabilita egin beharko du hori.
Egileak Lehioak deitu du bere diseinua, eta, gaur egin duten sari banaketa ekitaldian bertan jarri dio izena, zeren, behin-behineko Mollarri izenarekin aurkeztu zuen lehiaketara. Azaldu duenez, "emakume asko" jasotzea zen bere asmoa: "Ez nuen nahi irudikatu emakume bakar bat, ezta erraz identifikatzeko moduko emakume multzo bat ere. Horregatik, siluetetara jotzea erabaki nuen".
Hala bederatzi izan dira guztira Alberdik bere diseinuan jaso dituen emakumeak eta elkarrengandik bereizteko "leihoak" erabili ditu: "Akzioak ere transmititu nahi nituen, eta, iruditu zitzaidan interesgarria izan zitekeela emakumeetako bakoitza niretzat leihoak diren laukien barruan kokatzea. Dena den, ez dute zertan leihoak izan. Proposamena nire inguruan erakutsi nuenean orotarikoak izan ziren interpretazioak eta hori ere gustatzen zait. Emakume guztiek, hori bai, kolore morea dute inguruan denek partekatzen dutelako feminismoa. Gero, ordea, bakoitzari bestelako ekarpena egin dio borroka feministak, eta, horregatik sortu nahi nituen akzio asko, batzuei berotasuna eman die, beste batzuei etxea, arlo intelektuala gehiago garatzeko bultzada, sustraietatik ateratako indarra...".
Egileak azaldu du, halaber, bera ez dela ilustratzaile profesionala, nahiz eta aurre ere egin izan dituen saritu dituzten zenbait lan. Aurreko inauteri batzuetako kartel lehiaketan publikoaren saria irabazi zuela gogoratu du, esaterako. Zentzu horretan, gaur jasotako saria "ezustean" iritsi zaiola dio "denbora asko pasatu delako" proposamena bidali zuenetik. Nolanahi ere, nabarmendu du "oso gustura" geratu zela egin zuen proposamenarekin.
Aniztasuna lanetan
Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia bera ere pozik azaldu da "herriko emakume batek irabazi duelako sari nagusia". Zentzu horretan, gogoratu du bera buru duen epaimahaiak ez dakiela norena den lanetako bakoitza, eta, ondorioz, ezta nongoa eta zein generotakoa den ere. Zinegotziak azpimarratu du, halaber, "asko gustatu" zaizkiola lehiaketara aurkeztu dituzten 30 lanak eta "aurreko urteetan aurkeztu dituzten proposamenekin alderatuta, oso desberdinak" iruditu zaizkiola.
Facebook bidez egindako bozketan gailendu ondoren publikoaren saria irabazi duen lana zein izan den ere zehaztu du Vazquezek: Leire Mendikute zumaiarraren Begiak itxita amestu proposamena, hain zuzen ere. Egileak ezin izan du 200 euroko saria jasotzera bertaratu, baina mezua igorri du eta zinegotziak irakurri du: "Emakumeok momentu zail eta beltzak bizi arren, berriz loratzeko gaitasuna dugu udaberriak bezalaxe, ausartak eta indartsuak garelako. Superheroi bat daukagu gure barnean, aurrera egiten ahalbidetzen diguna. Zorionak emakume guztioi! Gizarte paritarioago bat sortzeko bidean... Aurrera!".
Vazquezek gogoratu du, azkenik, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak ikusgai daudela Emakumeen Etxean. Gaur zabaldu dute erakusketa eta martxoaren 15era arte izango da bisitatzeko aukera.