Zarauzko Udaltzaingoak herrian gertatzen diren trafiko istripuak murriztu nahi ditu, eta, horretarako zaintza eta kontrola indartzeko hainbat kanpaina egingo ditu urte osoan. Astebeteko irupena izango dute gehienek, nahiz eta izango diren laburragoak ere. Lehenengoa, martxoaren 11tik, astelehena, 17ra, igandea, egingo dute eta gerrikoen eta HES Haurrei Eusteko Sistemaren kontrolak indartuko dituzte.
Udalak zehaztu duenez, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean koordinatuta egingo dituzte kontrol kanpaina horiek eta distrakzioak, alkohola eta drogak, motorrak eta baldintza teknikoak ere zainduko dituzte. Horrez gain, jakinarazi du herriko mugikortasunean parte hartzen duten eragileen arteko elkarbizitza hobetzeko kontzientziazio kanpaina ere abiatuko duela aurki.
Gervasio Gabirondo Hiri Segurtasuneko zinegotziaren esanetan, "Azken urte hauetan ibilgailuetan modu ez egokian ibiltzearen arriskuen kontzientziazioan aurrerapen handiak egin diren arren, oraindik badira, axolagabekeria edota ezjakintasunagatik, euren burua eta ingurukoena arriskuan jartzen duten gidariak". Horregatik, zinegotziak dio kontrolak zorrozteko kanpainak "oso erabilgarriak" izango direla "gidari horiek atzeman eta sortu dezaketen kaltea ahal den gehien gutxitzeko".
Istripuen eta isunen datuak
Iaz herrian izandako istripuen datuak ere eman ditu udalak, eta, guztira gertatu ziren 100 ezbeharretatik 56tan egon zen ibilgailuren bat inplikatuta: 38 ibilgailuen arteko istripuak izan ziren, hamabi ibilgailu eta bizikleta artekoak, lau ibilgailu eta oinezkoen artekoak eta bi ibilgailuak eta txakurren arteko istripuak.
Istripu horien kokapenari eta gidarien egoerari buruzko informazioa ere eman du udalak. Hala, zehaztu du trafiko istripu gehienak, Nafarroa kalean, Araba kalean eta Bizkaia-San Inazio bidegurutzean gertatu zirela eta bederatzi gidarik positibo eman zutela alkoholemia frogan.
Isunei erreparatuta, bestalde, udaltzainek guztira jarritako 1.299 isunetatik 788 ibilgailuen aparkatze desegokiarekin izan zuten zerikusia: 421 marra horian edo espaloian aparkatzeagatik zigortu zituzten, 249 ibilgailua zamalan guneetan uzteagatik, eta, gainerako 118 isunak TAO sistemarekin loturikoak izan ziren.