Gurutze Gorria Gobernuz Kanpoko Erakundeak azkenean lortu du Zarautzen lanerako egoitza aproposa. Kaminero Etxean kokatutako da, zehazki, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagako dio doan. Datozen egunetan hasiko dira erakundeko boluntarioak bertatik lanean. Edonola ere, aldi baterako izango da, egun Zarauzko Udaltzaingoa dagoen eraikinera lekualdatuko baitira gero. Azken hori izango da behin betiko egoitza.
Hain justu, Udaltzaingoaren egoitza Villa Nuria eraikinera lekualdatzeko obrak hasi zituztenetik aritu da Zarauzko Udala Gurutze Gorriarentzako egoitza egokiago baten bila, eta, jada aurkitu badute ere, "kostatu" egin zaiela aitortu du Xabier Txurruka alkateak. Horregatik, "barkamena" ere eskatu die erakundeko boluntarioei berregokitutako Kaminero Etxera egindako bisitan. Aldi berean, "eskerrak eman" dizkio aldundiari "udalak zuen behar bati erantzuna eman diolako".
Alkateak berak azaldu duenez, "nahiko egoera prekarioan" aritu dira Gurutze Gorriko boluntarioak azken urteetan: "Malekoiko lokal bat utzi genien ikastaroak eta formakuntza saioak bertan eskaintzeko, baina ez zuten anbulantziak aparkatzeko leku egokirik eta kostata topatu behar izan dituzte". Behin arazoari irtenbidea emanda, "pozik" azaldu da Txurruka "primerako kokapena" lortu dutelakoan: "Nafarroa kalean egotea baino erosoagoa da. Azken finean, oso ongi komunikatuta dago, errepidera sarrera zuzena dute bai eta autobidea ere bertan dago. Horrez gain, ibilgailuak aparkatzeko garaje propioa dute".
Boluntarioak pozik
Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuak, bere aldetik, azaldu du aldundiak biltegi gisa erabiltzen zuela Kaminero Etxea eta udalaren eskaera iritsi zitzaienean "laguntzeko prest" agertu zirela "lekua hainbesteko lana egiten duen elkarte humanitario batek erabiliko zuelako, gainera". Dena den, argitu du "aurrez lekua Gurutze Gorriko boluntarioekin ikusteko" eskatu ziotela aldundiari, "haiek erabaki zezaten egokia zen ala ez". Hala, erakundearen oniritzia jasotakoan hitzarmena sinatu zuten alde guztiek eta udala izan da eraikinaren egokitzapen lanak bere gain hartu dituena aldundiak bertan zituen materialak atera ondoren.
Zehaztu dutenez, 450 metro koadroko eraikina da Gurutze Gorriari utzi diotena eta partzelak 2.132 metro karratuko ditu orotara. Bertan, Garajea du, aurrez esan bezala, baita aldagelak, dutxak eta biltegia ere. Hori horrela, gustura agertu dira agintariekin batera bisitan parte hartu duten Mikel Unanue eta Iban Aramendi Gurutze Gorriko boluntarioak: "Gure lana erosoago egiteko tokia behar genuen eta oso pozik gaude utzi diguten honekin".