'Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia' erakusketa zabalduko dute bihar

Jabi Gonzalez Toston 2024ko urt. 31a, 12:30

Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garziak Zumaiako Oxford aretoan zabaldu zuten erakusketa maiatzean. (Juan Luis Romatet)

Bigara taldeko Jon Ander Garziak eta Itziar Aranburuk sortu dute eta 18:00etan egingo dute irekiera ekitaldia, Sanz Enean. Bi artisten lanak martxoaren 10era arte izango dira ikusgai.

Sanz Enea udal liburutegiak Bigara sorkuntza lantaldearen Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia erakusketa hartuko du bihartik martxoaren 10era arte. Jon Ander Garzia zumaiarrak eta Itziar Aranburu donostiarrak osatzen dute aipatu taldea eta erakusketari eman dioten izenetik ondorioztatu daitekeenez, palindromoak eta abereak ditu ardatz.

Palindromoak aurretik atzera eta atzetik aurrera berdin irakurtzen diren hitz, zenbaki edo perpausak dira, eta, zerrenda luzea egin daiteke haiekin. Bada, horixe da, hain justu, Bigarako bi artistek egin dutena. 2020an liburua plazaratu zuten izen berarekin Pamiela argitaletxearen eskutik, eta, bertatik abiatu dute bihartik Zarautzen ikusgai izango den proposamen artistikoa.

Nolanahi ere, Garziak eta Aranburuk mostran jaso dutenari buruzko azalpen zehatzagoak emango dituzte bihar. Izan ere, irekiera ekitaldia antolatu dute 18:00etan eta bi artistak bertan izango dira. Saio musikatuarekin emango dituzte azalpenok eta Inaxio Tolosa aktore zumaiarrak ere parte hartuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide