Lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati 2021ean Zarautzen emakume bat bortxatzeagatik

Onintza Lete Arrieta 2024ko urtarrilaren 19a

Artxiboko irudian, eraso sexista bat salatzeko Zarautzen egindako elkarretaratze bat. (Onintza Lete Arrieta)

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen zuten auzipetuarentzat. Defentsak, berriz, jakinarazi du helegitea jarriko diola epaiari.

Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, 2021eko maiatzean gizon batek emakume bat bortxatu zuen Zarautzen, eta joan den azaroan egin zen epaiketa Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Sekzioan. Han, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuten auzipetuarentzat. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen, argudiatuz sexu harremana egon zela, baina hori biek adostutakoa izan zela.

Orain atera da epaia, eta auzitegiak lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio akusatuari. Kartzela zigorraz gain, zigortuak emakumeari 5.160 euro eman beharko dizkio kalte moralengatik eta kalte pertsonalengatik. Halaber, bost urte eta erdiz biktimarengana hurbiltzea eta harekin harremanetan jartzea galarazi dio, eta bost urteko zaintzapeko askatasun neurria ezarri dio.

Defentsak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian (EAEan) helegitea jarriko duela iragarri du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide