Espainiako Gabonetako loteriaren sari potoloaren zati bat egokitu da Zarautzen. 88.008 zenbakiaren zortzi dezimo saldu dituzte Maxi Eroski supermerkatu barruko administrazioan. Guztira, 3,2 milioi euro banatu ditu.
Gemma Silvan administrazioko arduraduna pozez zoratzen zegoen albistearekin. Uste du dezimo saritu guztiak atzo saldu zituela, makina bidez. Eroslea pertsona bakar bat izan zen, eta hark familiartean banatzeko asmoa zuen. Honakoa ez da administrazio honek lehen saria ematen duen lehen aldia; izan ere, 2018an ere bi dezimo irabazle saldu zituen.