San Tomas eguna izanik txistorra pintxoak nagusi diren honetan, Iñurritza auzoan dagoen Biyona janari dendak esan dezake berak egindakoa dela Euskal Herriko txistorrarik onena. Atzo bertan jaso zuen aitortza hori Ordizian; izan ere, bertan antolatutako XXV. Txistorra Lehiaketa irabazi zuen.
Guztira, 48 ekoizlek hartu zuten parte, gipuzkoarrak gehienak, nahiz eta, nafarrak, arabarra eta bizkaitarrak ere izan ziren tartean, eta, Zarauzko janari dendan bildu zituen puntu gehien, esan bezala: 196,4. Biyonak nagusitasunez irabazi zuen, gainera, ia hamar puntuko aldea atera baitzion bigarren sailkatu zen Goizuetako Lizarraga harategiari (186,5 puntu).
Antolatzaileek azaldu dutenez, epaimahaikideek honako alor hauek izan zituzten kontuan irabazlea izendatzeko: lehenik eta behin, produktuaren itxura –betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera, eta abar.–, ondoren, txistorra giharra eta koipearen proportzioa gordinik ebakitzerakoan; eta, azkenik, txistorrak utzitako usaina hura zartaginean frijitzerakoan, eta, zaporea eta ahogozoa.