Habiatxo
Oihanean Udaberria
Oi, zu zaren zoragarria, Udaberri hori,
hosto berriz jantziriko zuhaizti-gerrion!…
Eguzki itzul berriaren musuaz dirudi
oihana, atsegin-ikaraz, barrez ote dagon…
Beroni daragiozun abarrots biguna
eresintsua da, hotsa ia-ia be izan ezik…
Egunez, izarrak ager baleude bezala,
oskarbia dakust, orridiak xehaturik…
Ta, aintzira balitz lez zuhaizpeko loredia,
argi-jarioak, eguzki-hauts urretsuaz,
sorturiko begi zoli geldiezinakaz
antzartuta, berton dabil izarron islea…
Ta, hau gutxi balitz lez inori zorarazteko,
horra zelan ingumatxo zuri bat datorren,
niganantz, lorerik lore, emeki ta astiro,
oroi laztana gogora ohi den bezalaxen…
Zu zaren, bai, maitagarria, Udaberri hori!…
Zuhaizti-gerrian, egun-distiraz jantzita,
jostatzen bila zaitudan neska geltsu hori…
nork, egokiz, esan zu zaren zoragarria?…
*Poema luzea da Habiatxo eta Euskaltzaindiak bere webgunean eskuragarri jarri duen lagina da honakoa. Poema osoaren lehenengo atala, hain zuzen ere.
Goiz-ibiltze(1)
Eguzki izpi bat
begitan*… Aupa!
Egun aiskide(2)*,
banoa.
Ai, nire esnatze
zoragarria,
Maite oroiaz
batean!…
Lehen gaua nuen
aiskide: loak
ahaztu arazten*
baitzidan…
Gaur maite zaitut,
Egun: eguzkiz
beterik baitut
bihotza…
Ai, gauz* guztien
ongietorri*,
musu bat bezain
gozoa!…
Ai, zein alaiki
darraiket(3)* orain,
zurekin(4), nire
bidea!…