Xabier Lizardiren poema guztien bilduma argitaratu du Euskaltzaindiak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 11a, 14:00

Karlos Otegi eta Inazio Agirre Zubia, Durangon, Lizardiren antologia berria eta 'Habiatxo' eta 'Goiz-ibiltze' olerkien eskuizkribuak eskuan dituztela. (Euskaltzaindia)

Euskara batura egokituta kaleratu dute idazle zarauztarraren antologia eta orain arte ezezagunak ziren bi olerki daude tartean. EITB Karlos Otegi egilearekin eta poetaren bilobarekin aritu da solasean.

Euskaltzaindiak Xabier Agirre Lizardi idazlearen poema bilduma osoa argitaratu du euskara batuan. Lizardi: Bihotz-begietan eta gainerako olerkiak izenburupean egin du eta Durangoko Azokan aurkeztu du. Karlos Otegi arduratu da Lizardiren poema guzti-guztiak idatzizko egokitzeaz; izan ere, "Euskara batuan ohitu eta trebatu den irakurleari Lizardiren olerkiak bertsio gertuagoan eskaintzea da helburua". Guztira, 56 olerki dira eta sekula argitaratu gabe zeuden bi poema ere badaude tartean.

Poeta zarauztarrak Habiatxo eta Goiz-ibiltze deitu zituen orain arte ezezagunak ziren bi olerkiak eta haren biloba Inazio Agirre Zubia izan da aurkitu dituena aitonaren dokumentuak arakatzen. Agirrek Durangora bertara eraman zituen olerkion eskuizkribuak aurkezpenean erakusteko.

Hala, azaldu dute Habiatxo poemaren eskuizkribuan ageri den data kontuan izanik, Zelai urdina konposizioaren ondoren jarri dutela antologia berrian; izan ere, 1917ko irailekoa da berreskuratutako eskuizkribua eta urte bereko uztailekoa Zelai urdina. Horrez gain, zehaztu dute Habiatxo olerkiaren bi eskuizkribu gorde direla: bata, olerkariaren zuzenketez eta oharrez moldatua dago; bestea, garbira ipinia.

Goiz-ibiltze poemaren eskuizkribuari lotuta, bestalde, bertan ez da datarik agertzen. Dena den, 1917 eta 1920 artean Euzko-Deya-n argitaratutako olerkien tankerakoa da, eta, maitasunaren gaiaz zipriztindua dagoenez, edizio berriko lehenengo multzoan maitasunaren gaia ukitzen dutenetako azken olerkiaren ondoren kokatu dute. Hau da, Ihesi… poemaren jarraian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide