Euskal Herria K-1 Basque Country jaialdia antolatu dute beste urte batez, eta bihar arratsaldean izango da kirol ekitaldia Aritzbatalde pilotalekuan. Guztira, hamabost borrokaldi jokatuko dituzte, 17:00etatik aurrera, baina nagusiki 71 kiloz azpiko K-1 Basque Country Txapelketako lehiek izango dute ikusmin gehien.
Ondorengo zortzi borrokalarik hartuko dute parte torneoan: Jose Ramos, Daniel Mendoza, Mattin Collado, Urtzi Letamendia, Matxin Borda, Jhon Nuñez , Hodei Maidagan eta Jon Larraza. Horiek kanporaketa sistema bidez jokatuko dute txapelketa: final laurdenetatik hasi, finalerdiekin jarraitu eta azkenik bien artean finala jokatuz. Irabazleak txapeldunaren gerrikoa jantziko du eta sari ekonomikoa bereganatuko du.
Zarauztarrak tartean
Gainerakoan, buruz buruko borroka erakustaldiek osatuko dute jaialdia, eta horien artean, bi zarauztar ariko dira: Cristhian Castañeda eta Aritz Irureta. Castaneda hirugarren borrokaldian ariko da, 72,5 kilo azpiko kategorian, Ibon Martinezen aurka. Iruretak iaz hartu zuen parte jaialdi honetan, eta aurten berriro errepikatuko du. Zortzigarren txandan igoko da ring gainera, 61 kiloz azpiko kategorian, Lander Baileren kontra lehiatzeko.
Jardunaldiko borrokaldi ia guztiak gizonezkoen artekoak izango dira, bat izan ezik. Torneoko finalaren aurretik jokatuko dute, 14. txandan, Andrea Lomasek eta Yesemina Castrok. 71 kilo azpiko kategorian egingo dute borrokan. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, oroigarri bat emango diote kirol ekitaldi onenari, eta erabaki hori epaileek beraiek hartuko dute.
Jaiadirako sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai. Aritzbataldeko txarteldegian. Edonola ere, aurrez erosteko aukera ere badago Illutze tabernan eta Euromarreko tabernan. Euskal Herria K-1 Basque Country jaialdia 17:00etan hasiko bada ere, pilotalekuko ateak 16:00etan irekiko dituzte, eta parte hartuko duten borrokalarien aurkezpena 16:30ean egingo dute.