Gospel doinuak entzungai gaur, Zarauzko parrokiako kontzertu solidarioan

Juan Luis Romatet 2023ko azaroaren 10a

Aba Taano Ugandako gospel taldeak eskainiko du saioa Andra Maria Zeruratzea parrokian .Musica Para Salvar Vidas elkarteak antolatu du zuzenekoa, eta harentzat dirua bilduko dute bertan.

Aba Taano Ugandako gospel taldeak kontzertua emango du gaur Zarautzen, Andra Maria Zeruratzea parroki elizan. Musica Para Salvar Vidas gobernuz kanpoko erakundearen aldeko kontzertu solidarioa izango da, eta 20:00etan hasiko da; behin emanaldia amaitzen denean, elkartearen aldeko dohaintza eskatuko dute.

"Aspalditik geneukan Zarautzen aritzeko gogoa", azaldu du erakundeko presidente Elisabeth Michotek. "Taldeak askotan jo du Euskal Herrian. Gure publikoa bertan dago, ikusten da Euskal Herrian asko maite dituztela abesbatzak, harmoniak eta melodiak. Euskal Herriko leku garrantzitsu askotan egon gara, baina Zarautz falta zitzaigun, eta azkenean lortu dugu", gaineratu du.

GKE horrek Ugandan (Afrika) duen umezurztegitik sortutako musika taldea da bihar Zarautzen izango dena. "Taldea osatzen duten bost lagunetatik hiru umezurtz etxe horretan bizitakoak dira. Talde horren bidez lortzen dugu etxe horretarako laguntzarik handiena". Michotek nabarmendu duenez, erakundeak ez du inongo laguntzarik jasotzen gobernuen edo instituzioen aldetik. "Hilero laguntza ematen diguten bazkide eta patrono batzuk ditugu; 90 bat, guztira. Gehiago izango bagenitu...".

Duintasuna bueltan

2005. urtean sortu zuten Musica Para Salvar Vidas erakundea. Michoten arabera, haurrei laguntzea baino gehiago, haiei duintasuna itzultzea da erakundearen helburua. "Haur hauetako askok egoera oso tragikoan hasi dituzte ikasketak, eta lehen eta bigarren hezkuntzan ondo egon ohi badira ere, nerabe izatera pasatzen direnean, aztoratu egiten dira. Beldurgarria da haurtzaroak haiengan izaten duen eragina". Presidentearen arabera, gazte horiei –60 bat, guztira– autoestimua itzultzea ez da erraza, eta musikak asko laguntzen die horretan.

Musika salbatzaile

Erakundeak duen izenari so eginez, eta musikak bizitzak salbatu ote ditzakeen galdetuta, azkar erantzun du Michotek: "Salbatuko ez ditu, bada! Oso terapeutikoa da. Barruan duten hori ateratzen laguntzen die; oso garrantzitua da beraientzako. Musika oso elementu polita da, gizakiak izugarri elkartzen ditu; musikari esker sinergia ederrak sortzen dira, eta sentsibilitate bereziko jendea erakartzen du diziplina horrek".

Zarauzko kontzertuan gospel talde handietan inspiratutako doinuak entzungo dituzte parrokiara bertaratzen direnek, Michoten arabera. "Gospela da beraien espezialitatea, eta abesten hasten direnean halako poza eragiten dute, publikoak ere poz eta berotasun hori sentitzen baitu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide