KTM Kirol Txartela Mugiment txartel birtuala da, eta udal kirol instalazioetako abonatuei beste udalerri batzuetako instalazioetara sartzeko aukera ematen die, kostu gehigarririk gabe, udalerri bakoitzaren erabilgarritasunaren arabera. Zarauzko Udalak bat egin du egitasmoarekin, eta aurki, zarauztarrek ere Euskal Herriko 93 udalerritako kirol instalakuntzak erabili ahal izango dituzte.
"Datorren urtetik aurrera, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegiko erabiltzaileek kirol txartela erabili ahal izango dute, eta horri esker, beste hainbat herritako kirol zerbitzuez gozatu", jakitera eman du Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendik. Zehatz-mehatz, kiroldegiko bazkideek Kirol Txartela Mugiment aplikazioan erregistratu ahal izango dute urtarriletik aurrera, eta horrek emango die bide inguruko kirol instalakuntzak erabiltzeko.
"Erabaki honekin, Zarauzko kiroldegiko bazkideek kirol eskaintza handitzeko aukera izango dute, ezer gehiago ordaindu gabe, eta, gainera, proiektuak onura ekarriko dio Zarauzko kirol munduari", azpimarratu du Kirol zinegotziak. Kargua hartu zuenetik, kirol txartelaren ideia buruan zuela adierazi du Illarramendik, eta udaleko Kirol sailaren lanari esker lortu dela hura martxan jartzea.
Egitasmora atxikitzen den udalerri bakoitzak aukera dauka eskainiko dituen zerbitzuak eta ordutegiak zehazteko. Aritzbatalde kiroldegian, hasiera batean, fitness aretoa bakarrik eskainiko diete gainerako herrietako erabiltzaileei, eta ondorengo ordutegian: 13:00etatik 16:00etara. Eskaintzak gehitzeko edo aldatzeko aukera izango du kirol instalazio bakoitzak, bere beharren arabera.
Kirol txartela erabili ahal izateko, urtarriletik aurrera Kirol Txartela Mugiment gailu mugikorretarako aplikazioan alta emanda egon beharko dute kiroldegiko erabiltzaileek. Aplikazioaren eta egitasmoaren inguruko informazio gehiago aurki daiteke kiroltxartela.eus atarian.
Erabiltzaile datuak
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak esan du "denbora luzez" saiatu direla Zarautzen egitasmoa martxan jartzen, eta "kostatu" den arren, orain "berehala murgildu" dela herria proiektuan. Zarautz egitasmora batu den 94. udalerria da.
Duela bost urte inguru jarri zuten abian kirol txartela, herritarrei kirola egiteko erraztasunak emateko asmoz: "Dela langileei, dela ikasleei, dela kontziliazio kontuengatik arazoak dituztenei... Asmoa da herritarrek inongo oztoporik, aitzakiarik eta trabarik ez izatea kirola egiteko, instalazioei dagokienez behintzat", Iturriagaren esanetan.
"Proiektu honek udalerrien arteko elkartasun itsuaren adierazle izan beharko luke. Alegia, norberak daukan guztia jartzen du edozein herritarrek erabiltzeko aukera izan dezan. Aldameneko udalerriek gauza bera egingo balute, indarrak metatuko genituzke, eta horrela, biztanleria guztiarentzat Euskadi kirolari bat izango genuke; kiroldegi oso bat, udalerri bakoitzak dauzkan aukerak eskainiz", adierazi du Jaurlaritzaren ordezkariak.
Gaur egun, 65.167 erabiltzaile ditu Kirol Txartela Mugiment plataformak, eta horiek 157 kirol instalakuntzaz eta 1.187 jardueraz gozatzeko aukera dute. Iturriagaren arabera, "urte amaierarako, Kirol Txartela Mugiment aplikazioak 150.000 erabiltzailetik gora" edukitzea espero dute.