Gastrogauak egitasmoa antolatu du bigarrenez Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak, herritarrek afariak zuzeneko musikaz lagunduta dastatzeko aukera izan dezaten. "Iaz arrakasta izan zuen" proposamenak, eta aurten hiru jatetxe berri aukeratu ditu Zurekinek eskaintza berezirako: Gran Camping Zarautz, Tivoli eta Otzarreta jatetxea.
Hiru jatetxe horietako arduradunak elkartu ziren ostiralean talde argazkia ateratzeko Otzarreta jatetxean, eta uda honetan "lana ondo" egin dutela aipatu zuten, baina "iazkoa hobea" izan zela zehaztu zuten, eta gustura agertu ziren Gastrogauak egitasmoan parte hartzeagatik: "Ea jendea animatzen den parte hartzera". Zuzeneko musika eskainiko duten abeslari eta taldeen kalitatea ere azpimarratu zuten. Filipe Court, Szamana eta Iker Piris arduratuko dira afarietan giro goxo eta erlaxagarria jartzeaz.
Afariak ostiraletan izango dira: azaroaren 10ean izango da aurrenekoa Gran Camping Zarautzen, hilaren 17an Tivolin, eta abenduaren 1ean, berriz, Otzarretan.
Hitzorduak
- Azaroak 10, ostirala: Gran Camping Zarautz erretegian, Filipe Courten kontzertuarekin. Erreserbak: 943-19 56 58.
- Azaroak 17, ostirala: Tivoli jatetxean, Szamanaren kontzertuarekin. Erreserbak: 943-83 15 24.
- Abenduak 1, ostirala: Otzarreta jatetxean, Iker Pirisen kontzertuarekin. Erreserbak: 943-13 12 43.