Eraztun Berde Urdinaren bigarren argazki rallya egingo dute igandean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko azaroaren 5a

Herritar bat mugikorrarekin argazkia ateratzen iazko Eraztun Berde Urdineko argazki rallyan. (Eraztun Berde Urdina)

Joan den urteko lehenengo edizioan bezalaxe mugikorrarekin hartu beharko dituzte irudiak parte hartzaileek, Iñurritza eta Talaimendi arteko ibilbidean oraingoan.

Zarauzko Udalak Eraztun Berde Urdinaren argazki rally lehiaketa antolatu du bigarrenez, iganderako. Joan den urtean bezalaxe telefono mugikorrarekin atera beharko dituzte argazkiak parte hartzaileek, baina beste kokaleku batean izango da oraingoan. Lehenengo edizioan Vista Alegreko parkean, Zingira basoan, Santa Barbaran eta Mutxion hartu behar izan zituzten irudiak, eta oraingoan Iñurritza eta Talaimendi arteko ibilbide zirkularrean hartu beharko dituzte.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, helduentzat nahiz gaztetxoentzat egongo da zuzenduta aurtengo argazki rallya ere eta 09:30ean emango diote hasiera Iñurritzako gasolindegiaren parean dagoen zubitik. Bertan, kontroleko argazkia aterako dute eta ibilbidearen mapa eta argazki rallyko gaien zerrenda emango dizkiete parte hartzaileei. Informazio gehiago eskatzeko edota zalantzak argitzeko 943-00 51 59 telefono zenbakira deitu dezakete interesdunek edo nahiago badute, zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbide elektronikora mezua idatzi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide