150 ekarpenetik gora jaso ditu udalak 2024ko aurrekontuetan txertatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 28a

2024ko udal aurrekontuak lantzeko herritarrekin egin duten bileretako bat. (Zarauzko Udala)

Herritarrekin egin dituzten bilera irekiak amaitu dituzte jada eta parte hartzea aurreko urteetakoa baino handiagoa izan da. Dena den, hila amaitu bitartean proposamenak bidaltzeko aukera izango da oraindik.

2024ko udal aurrekontuak garatzeko parte hartze prozesua azken txanpan sartu da eta Zarauzko Udalak jakinarazi duenez 150 proposamen baino gehiago jaso dituzte jada. Dena den, gehiago izan litezke, urriak 31ra arte baitute herritarrek beren ekarpenak bidaltzeko aukera herriko hainbat zonaldetan jarri dituzten postontzietan edota partehartu@zarautz.eus helbide elektronikoan.

Dagoeneko amaitu dituztenak herritarrekin egin dituzten zazpi bilera irekiak dira, eta, Leire Arana Partaidetza zinegotziak jakinarazi duenez, parte hartzea azken urteetakoa baino handiagoa izan da: "Aurten, pandemiako urteen ondoren, berriz ere gorakada izan da herritarrekin deituriko bileretan. Zentzu honetan, eskertzekoa da zarauztarrek adierazi duten konpromisoa eta borondatea gure herria hobetzen jarraitzeko".

Halaber, parte hartze prozesua bera ere azpimarratu du, zinegotziak: "Hainbat gaitan Udalak hobetu beharreko iradokizunak ere egin dizkigute. Hau da partaidetza prozesu honen benetako izaera, herritarrek beste aukera bat izatea aurrez-aurre udal ordezkariokin hitz egin eta eskaerak zuzenean egiteko". Herritarren ekarpenak jasotzearekin batera, udalak datorren urtari begira egin asmo dituen inbertsio nagusien zerrenda aurkeztu eta nondik norakoak azaldu dizkie herritarrei bilera horietan.

Ekarpen guztiak aztertuko dituzte

Nolanahi ere, udal aurrekontuen parte hartze prozesua ez da amaitu, esan bezala, ekarpenak egiteko epea zabalik baitago oraindik eta behin itxitakoan jasotako proposamenak aztertu beharko ditu Udal Gobernuak. Zentzu horretan, "denak" aztertuko dituztela hitz eman du Iker Basurko Ekonomia zinegotziak: "Proposamen guztiak banan-banan aztertuko ditugu eta, hala badagokio, 2024. urteko Udal aurrekontuetan txertatuko ditugu, urtean zehar gauzatzeko".

Horren harira, Basurkok zehaztu du datozen egunotan baloratuko dituztela herritarrek bilera irekietan egin dituzten iradokizunak eta "laster" izango dutela datorren urteko udal aurrekontuaren lehen argazkia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide