Bertakoak egitasmoari jarraipena emango diote aurten ere, eta beste urte batez, jatorri
ezberdinetako zarauztarrek haien herrialdetako jakiak prestatuko dituzte herriko hainbat elkarte gastronomikotan. Azaroaren 11n izango da egun handia, eta dagoeneko lotu dituzte herrialde eta elkarte parte hartzaileak; edizio honetan hamarna izango dira, guztira. Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpen agerraldia Galeperra elkartean, egitasmoan izango diren ordezkariak bertan zirela.
“Denok bertakoak garela aldarrikatzeko antolatzen da egitasmo hau", nabarmendu zuen Gizarte Politiketako zinegotzi Jesus Aranak. "Jatorri anitzeko zarauztarrak gara, eta berdin da noiz eta nondik etorritakoak garen. Denok osatzen dugu Zarautz eta denon ekarpenarekin aberasten dugu herria”, gaineratu zuen: "Denok dakigu zer-nolako garrantzia duen mahai baten bueltan denbora eta elkarren esperientziak partekatzeak. Azken finean, elkar ezagutzea, zeren horrela lortzen baita konfiantza, maitasuna eta elkar ulertzea".
Elkarteak eta herrialdeak
Era berean, "pozgarria" dela iritzi dio herriko elkarte asko ordezkatuta egotea Bertakoak ekimenean; izan ere, elkarte bakoitzean bazkide asko daude, eta Aranaren esanetan, horrek esan nahi du "zarauztar asko inplikatzen" dela zuzenean nahiz zeharka urtero egitasmoarekin. Aurten, 11 elkartek eman dute izena, baina nola hamar herrialde parte hartzaile bakarri zeuden, zozketa bidez Ezkertoki kanpoan geratu da.
Aurten, estreinako aldiz Urpekoak eta Carballeira elkarteek hartuko dute parte; Argentina eta Guatemala izango dituzte sukaldean, hurrenez hurren. Gainerako, elkarteak eta herrialdeak honako hauek izango dira: Alkartetxean Paraguai; Arranon Honduras; Batzokian Brasil; Galeperran Ekuador; Gube Kabian Euskal Herria; Iñurritza Jubilatuen eta Pentsiodunen Elkartean Senegal; eta Kurpilen Peru.
Bertakoak ekimeneko bazkariek 10 euro balio dute, eta izena azaroaren 8a bitartean eman daiteke Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan (Zigordia kalea, 33), 943-00 51 27 telefono zenbakira deituta edo immigrazioa@zarautz.eus posta elektronikora idatzita. Iaz 300 lagunek hartu zuten parte otorduetan, eta aurten ere herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera. Gainera, argi utzi dute ez dela zertan elkartetako kide izan behar. "Elkarteetan egiten bada ere, herritar guztiei zabalduta dago".