Munduko ahotsen bikaintasuna

Aritz Mutiozabal 2023ko urriaren 26a

Ezkerretik hasita, Arantxa Iturria, Juanma Bujanda eta Irune Urbieta. (Aritz Mutiozabal)

Zarautz Abesbatzak antolatutako Nazioarteko Ahotsak zikloa azaroaren 1etik 4ra izango da. Lau taldek parte hartuko dute, eta Frantziskotarren Elizan abestuko dute.

Zarautz Abesbatzak udazkenean antolatzen duen Nazioarteko Ahotsak kantu zikloa hitzordu klasiko bat da Zarauzko kultur egitarauan. Abesbatzako kideek hamarkadak daramatzate goi mailako abesbatzak herrira ekartzen, Tolosako Ekinbide Etxearekin eta Zarauzko Udaleko Kultura sailarekin elkarlanean. Aurten ere egitaratu indartsua osatu dute, Tolosako 54. Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa entzutetsuan parte hartuko duten lau talderen emanaldiekin. 

Abesbatza bakoitzak emanaldi bana eskainiko du datorren astean herrian, azaroaren 1etik azaroaren 4ra bitartean. Atzo goizean Villa Mundan eginiko agerraldian aurkeztu zituzten aurtengo kantu zikloaren nondik norakoak Zarautz Abesbatzako lehendakari Arantxa Iturriak, batzordekide Juanma Bujandak eta Kultura zinegotzi Irune Urbietak.

Azaroaren 1ean, asteazkenean, abiatuko dute aurtengo jaialdia Erromako Giovanile With Us taldearekin; azaroaren 2an, ostegunean, Mariborgo (Eslovenia) The Academic Chor Maribor abesbatzaren txanda izango da; azaroaren 3an, ostiralean, Taipei-Taiwango Ching-Yun Choir taldeak egingo du kantuan; eta azaroaren 4an, larunbatean, Shanghaiko (Txina) Rainbow Chamber Singers abesbatzak eskainiko du zikloko azken emanaldia.

Urtero bezala, kontzertu guztiak Frantziskotarren Elizan izango dira, 20:00etan hasita. Sarrera arruntak bost euro balioko du, eta abesbatzaren elkarteko kideei zuzendutakoak, berriz, hiru euro. Frantziskotarren Elizaren atarian bertan erosi ahal izango dira sarrerak emanaldi bakoitzaren aurretik.


Hainbat bitxikeria

"Aurten, Nazioarteko Ahotsak egitasmoaren barruan, Tolosan lehiatuko diren Italiako, Esloveniako, Taiwango eta Txinako talde bikainak izango ditugu hilabete hasieran», azaldu zuen Zarauzko abesbatzako lehendakariak. «Talde horiek beraien herrialdeetako kantuak ekarriko dizkigute, baina tartean izango dira hainbat bitxikeria. Izan ere, Italiako abesbatzak Eslovakiako koruko zuzendari Tadeja Vulcen O Sapentia abestuko du. Era berean, Taiwango eta Txinako taldeek Josu Elberdinen Izar ederrak abestuko dute euskaraz. Pentsatzen dugu Tolosako lehiaketak hala eskatutakoak izango direla, bestela kasualitate handiegia litzateke", erantsi zuen.

Bujanda batzordekiak egiten duten "ahalegin berezia" nabarmendu nahi izan zuen, bai ekonomikoa, bai abesbatzako kideen inplikazioari dagokiona. Urtero bezala, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan parte hartzen duten hainbat talde jasoko dituzte Zarautzen. "Guk artatu egiten ditugu haien egonaldian, eta afaria ere ematen diegu abesbatzetako kideei. Askotan, talde handiak izaten dira, eta horrek nolabait ere kostua areagotzen digu", esan zuen Bujandak. Udalaren bitartez, entseguak antolatzeko beharrezko espazioak eskaintzen dizkiete, dela Villa Mundan eta dela Imanol Urbieta udal musika eskolako aretoetan. Antolatzaileek azaldu zutenez, egunotan iritsiko dira abesbatzetako kantariak herrira.

Irune Urbieta Kultura zinegotziak adierazi zuen "zoriontzekoa" dela Zarautz Abesbatzak jaialdia antolatzeko egiten duen lana. Haren esanetan, "pozgarria da urtero munduko hainbat tokitatik etorritako abesbatzek data hauen bueltan herriari ematen dioten bizia eta poza ikustea". Zentzu horretan, herritarrak animatu zituen Nazioarteko Ahotsak zikloko kontzertuez gozatzera, "aukera paregabea aprobetxatzera". Izan ere, haren ustez «merezi du entzutea abesbatza ezberdinek zer modu ezberdinetan interpretatzen duten abesti bera, eta piezaren bat euskaraz kantatzen dutenean, izugarria izaten da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide