Urra eta Izeta IV.a garaile, Alegiako XVI. Txintxarri Sarian

Tolosaldeko ataria 2023ko urriaren 23a

Guztira 23.875 kilo altxatu zituzten, eta aise irabazi zuten saria. Bigarren sailkatu ziren Paulo Azpiazu Zarauzko bizilaguna eta Lartain.

Alegiako harri jasotzaileen XVI. Txintxarri Saria jokatu zuten larunbat arratsaldean, eta lan ederra eginda, Mikel Lopetegi Urra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak irabazi zuten lehia. Bigarren sailkatu ziren Paulo Azpiazu Zarauzko bizilaguna eta Lartain, eta hirugarren Telleria IV.a eta Gari Garmendia. 

Zozketak erabakita, Telleria IV.a eta Gari Garmendia izan ziren lanean hasten lehenak. 125 kiloko errektangularrari heldu zioten txanda librean, eta lau minutuko tartean 49 jasoaldi lortu zituzten. Ondoren, Urra eta Izeta IV.aren txanda izan zen. Horiek 54 aldiz jaso zuten harri hori. Azpiazu eta Lartainek, azkenik, 50 jasoaldi lortu zituzten.

Hasieratik argi ikusi zen Urra eta Izeta IV.ari txapela kentzea zaila izango zela. Hala eta guztiz ere, beste bi bikoteek dena eman zuten, eta 125 kiloko koparekin ez zieten hain errez ihes egiten utzi faboritoei. Urra eta Izetak 55 jasoaldi lortu zituzten, beste biek, 53.

Proba 112,5 kiloko lanean apurtu zen. Txapeldunek 44 jasoaldi lortu zituzten, Azpiazu eta Lartainek 39 eta Telleria-Garmendiak 35. Azken lanean, 100 kiloko bolarekin, ikuskizuna Beñat Telleriak eta Paulo Azpiazuk jarri zuten. Lan horretan Urra eta Izeta IV.a izan ziren azkenak, 53 jasoaldirekin. Azpiazu eta Lartainek 55 altxaldi egin zituzten eta Telleriak eta Garmendiak 57.

Lau lanak gehituta, ia mila kiloko aldeaz jantzi zuten txapela Mikel Lopetegi Urrak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IVak.

Sailkapena

1- Urra-Izeta IV: 23.875 kilo.
2- Azpiazu-Lartain: 22.762,5 kilo.
3- Telleria IV-Gari Garmendia: 22.387,5 kilo.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide