"Adin guztietako jendearentzat gozagarri den egitaraua osatu dugu Kuadrilla Egunerako"

Aritz Mutiozabal 2023ko urriaren 19a

Irune Urbieta Gazteria zinegotzia Kuadrilla Eguneko kartelarekin. (Zarauzko Udala)

Bazkarirako zortzi nerabe kuadrillak eta 41 gazte-helduen kuadrillak eman dute izena. Goitibeheretako proban, berriz, zortzi izan dira animatu diren lagun taldeak.

Etzi ospatuko da aurtengo Kuadrilla Eguna, egun osoko egitarau zabalarekin. Udalak herrian zehar antolatu dituen ekitaldiak "adin guztietako jendearentzat gozagarri" izango direla nabarmendu du Irune Urbieta Gazteria zinegotziak.

Udalak sustatutako bilera irekietan zehaztu da festa eguneko egitaraua, Zarauzko gazte elkarteko (Txipristin, Gurutxurtu eta Buggy Buggy), Haize Orratz Gaztelekuko eta Ludotxo Ludotekako ordezkariek emandako ideiekin, hain zuzen ere. "Uztailean egin genuen lehenengo bilera eta, bertan emandako ideiak kontutan hartuta, egitaraua zehazten joan gara ondorengo bileretan", aditzera eman du Urbietak.

Parte-hartzeak ekitaldietan

Goizean goizetik hasiko dira motorra berotzean eta egun guztian izango dira hainbat ekitaldi ondo pasatzeko. Bazkariei dagokionez, nerabeen gunean zortzi kuadrillak eman dute izena, eta gazte-helduenean, berriz, jada 41 kuadrilla dira izena eman dutenak.

Goitibeherak Kuadrilla Eguneko ekimen klasiko bat da, eta aurten ere ez du hutsik egingo. o9:45etan hasiko da lasterketa, eta zortzi kuadrilla lehiatuko dira Vista Alegre auzoko zirkuituan.

Arratsaldeak aurrera egin ahala, musikak hartuko du lekukoa. Herriko gune ezberdinetan Burrunba elektrotxaranga, Mirua, Isma eta Goiko DJak, Gozategi eta Galirak26 taldeen emanaldiez gozatzeko parada izango da.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide