Palestinari babesa adierazteko elkarretaratzeak deitu dituzte eskualdeko hainbat herritan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urriaren 11

Palestinari babesa adierazteko atzo Bilbon egindako protesta. (@BDSBizkaia)

Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian gaur arratsaldean egingo dituzte protestak hainbat eragilek deituta, Zestoan bihar eta Azkoitian etzi.

Hamasek asteburuan Israelen egin dituen erasoen ondoren nabarmen egin du gora tentsioak ekialde hurbilean. Israelek gerra egoera deklaratu du eta haren armadak erabat blokeatu du Gaza. Bada, bertan gertatzen ari dena salatzeko eta palestinarrei babesa adierazteko elkarretaratzeak deitu dituzte gaur arratsaldean Urola Kostako hainbat herritan. Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian, hain zuzen. Azpeitian plazan egingo dute protesta 19:00etan eta Zarautzen eta Zumaian 19:30ean Lege Zaharren Enparantzan eta Saregileen plazan, hurrenez hurren. 

Azpeitiko eta Zarauzko protestak Kontseilu Sozialistak deitu ditu, eta, azaldu dutenez, Israelgo estatuak Palestinaren aurka abiatu duen ofentsiba militarra eta mendebaldeko herrialdeen konplizitatea salatzea, eta, palestinar herriari elkartasuna adieraztea izango da helburua. Zumaiakoa, bestalde, herriko hamar eragilek deitu dute Genozidioa gelditu. Palestina aurrera! lelopean: Darahli elkarteak, ELA, LAB eta ESK sindikatuek, Ernaik, Zumaiako Mugimendu Feministak, Zumaiako Gazte Asanbladak, Gure Eskuk, Sarek eta Sortuk.

Bihar eta etzi ere izango da Palestinari babesa adierazteko protestarik eskualdean; izan ere, Zestoako Gazte Asanbladak bihar 19:30erako deitu du herriko plazan Erresistentziarekin elkartasuna, Palestina askatu! lelopean, eta, Azkoitian ostiralean 19:30ean plazan gaiarekin keztatuta dagoen herritar talde batek deituta. Palestina askatu! lelopean, deitu dute, era berean.

Bart, berriz, Euskal Herriko hainbat hiriburutan egin dituzte protestak. Iruñean, Bilbon eta Donostian, zehazki, eta, gaur, Gasteizen egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide