Aurten dataz aldatuta eta udazken hasierara ekarrita, atzo arratsaldean abiatu zen Adarretatik musika jaialdia. Egitasmoa irekitzeko ardura eta ohorea Rafa Villafaña musikari beterano dominikar-zarauztarrak izan du. Berak esana zuen "erantzukizun handia" zela, baina era berean "pozgarria" herrian jotzea, eta jendea dantzan jarri nahi zuela. Eskaini zuen bost kantako kontzertu laburrean agindutakoa bete zuen. Bera bakarrik igo zen Musika Plazako oholtza gainera, eta grabatuta eraman zituen doinuak bozgorailutik aireratuta ekin zion kantuan; mikrofronoko hankan prest zeuzkan marakak ere apenas erabili zituen. Eta bertaratu zen jendea pixkanaka-pixkanaka erritmoan murgildu zuen, zenbait dantzara animatuz.
La Jodedera taldearekin batu eta elkarrekin emanaldi nagusia eskaintzen hasi aurretik, bere taldekideek omenaldi xume bat egin nahi izan zioten eta jantzita zeukaun kapelu zuria kendu eta txapela oparitu zioten. Ondorengo kontzertu guztia txapelarekin eskaini zuen, eta hasteko Sonora Candela taldean oso ezaguna egin zen Quitate tu abesti jo zuten. Jarraian, errepertorio zabala eskaini zuen boskoteak, Musika Plaza bete zuen jendearentzat gozagarri.
Iluntzean, Nakar eta La Perra Blanco taldeek eman zioten jarraipena Adarretatik musika jaialdiaren lehen jardunaldiari Munoa plazan. Gaur eta bihar ere hainbat eskaintza musika izango da herrigunean.
EGITARAUA
Irailak 30, larunbata
19:30. Erromintxelak, Musika Plazan.
22:00. Argizulo Ta Beñaranks & Eira, Munoa plazan.
23:15. Akatz Ska Band, Munoa plazan.
Urriak 1, igandea
13:00. Donosti Lindy Hop eta Mr. Patxi ‘Crazy Legs’ DJa, Musika Plazan.
18:00. Antonio Lizana Trio, Munoa plazan.