Herri kirolen zaleek hitzordua izango dute bihar Aritzbatalde pilotalekuan; izan ere, ZKE Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatuta, Zarauzko Bi Harri Txapelketa jokatuko dute bertan. Hori horrela, bertaratzen direnek momentuko harri jasotzaile onenetako asko aurrez aurre ikusteko aukera izango dute 18:00etatik aurrera. Sarrerak saioa hasi baino ordubete lehenago jarriko dituzte salgai Aritzbataldeko leihatilan, eta bost euroko prezioa izango dute. 16 urtetik beherako gazteentzat eta ZKEko bazkideentzat doakoa izango da sarrera.
Bosna emakume eta gizon ariko dira nor baino nor, eta Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrak jaso beharko dituzte txandaka zazpi minutuko denbora tartean. Gizonezkoek erabiliko duten Jai Txikik 117 kilo ditu, eta emakumezkoenak, 63. Mollarrik, berriz, 119 eta 51 kilo ditu. Altxaldi gehien egiten dituzten harri jasotzaileek irabaziko dute.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Zarauzkoa "emakumeek harri baldarrekin inoiz jokatutako lehen txapelketa da", eta aurten hirugarren edizioa izango du. Aurreko bietan Karmele Gisasola Zelai III.a gailendu da, eta aurten ere bera da hautagai nagusia txapela irabazteko. Gainera, Mallabiko (Bizkaia) harri jasotzaileak iaz "sekulako erakustaldia" eskaini zuela gogoratu du Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a ZKE Herri Kirolakeko ordezkariak. 33 altxaldiko marka jarri zuen Zelai III.ak, lehenengo edizioan baino hamar jasoaldi gehiago eginda, eta, aurten, berriro marka hobetzea lortuko balu, 200 euroko gainsaria irabaziko luke.
Nolanahi ere, Izeta II.ak Ainitze Zumeta etxeko harri jasotzailea ere ikusten du garaipenerako aukerekin. Iaz bigarrena izan zen, eta abuztuan Uliako Harria irabazi zuen. Zumeta, ordea, ez da ordezkari zarauztar bakarra izango emakumezkoetan, Maddi Gesalagak eta Lierni Osak ere parte hartuko baitute proban. Gesalaga inoizko parte hartzaile gazteena izango da, gainera; 15 urte baino ez ditu. Haiekin batera, Eider Garin Durana ere ariko da bihar. El Conquistador del Caribe telebista saioan izandako parte hartzeagatik da ezaguna gasteiztarra, eta debuta egingo du harri baldarrekin.
Gizonetan, Urra faborito
Gizonek seigarren edizioa izango dute aurtengoa, eta parte hartzaile kopurua orain arteko txikiena izango da. Gari Garmendia idiazabaldarra (Gipuzkoa) izango da kanpotik etorriko den bakarra, eta estreinakoz jokatuko du proba. Gainerako lauak Izeta eskolakoak izango dira, etxekoak: Paulo Azpiazu, Mikel Lopetegi Urra, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Xabat Olaizola.
Izeta IV.a da orain arte egin diren Bi Harrietako edizio guztietan parte hartu duen harri jasotzaile bakarra, eta irabazi ere birritan irabazi du. Dena den, Urra da "zalantzarik gabe" garaipenerako hautagai nagusia, Izeta II.aren esanetan. "Urra faboritoa da joaten den tokira joaten dela, ez Zarautzen soilik".