Olatu onena iristeko dago

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abuztuaren 31

Nadia Erostarbe Kalifornian (AEB) jokatutako US Openean. (WSL)

Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak emaitza bikainak lortu ditu uztailetik hona, eta Europako onenen artean sailkatuta dago. Hala ere, ez da horrekin konformatzen, eta gehiago nahi du.

Aspaldiko emaitza onenak lortu ditu Nadia Erostarbe (Zarautz, 2000) surflariak uda honetan: garaipena eta hirugarren postua azken bi asteburuetan Lacanaun (Okzitania) eta Angelun (Lapurdi) jokatu dituen Europako QS Qualifying Series zirkuituko txapelketetan, hurrenez hurren, eta aurrez bi bosgarren postu ere eskuratu zituen Munduko Challenger Series zirkuituko bi probetan. Egunotan Pantinen (Galizia) da Erostarbe, asteartean abiatutako QSko txapelketa jokatzen, eta jarraipena eman nahi dio bolada onari han. "Irabaztera" doala dio, eta "gogo handiz" ekin dio lehiari.

Aipatu emaitzei esker, QSan hirugarren dago sailkatuta une honetan, eta Challenger zirkuituan hamazazpigarren; izan ere, bi proba besterik ezin izan ditu jokatu, hirugarrena eta laugarrena. Urrian jokatuko dituzte azken biak eta bertan izan nahi du zarauztarrak, ahalik eta puntu gehien biltzeko eta datorren denboraldian munduko onenen aurka lehiatu ahal izateko. Izan ere, Challenger serieetako bost surflari onenak WSL World Surf Leagueko Championship Tourrera sailkatuko dira. Nolanahi ere, hori lortzea "oso zaila" izango dela dio Erostarbek, ez duelako akatserako tarterik. Azken finean, zirkuituko sei probetan lortutako lau emaitza onenak hartzen dituzte kontuan.

Challenger serieetako lehenengo bi probak jokatu ez izanaren arrazoia da iazko QS zirkuituan postu "kaskarra" lortu zuela Erostarbek –hamaseigarren sailkatu zen, eta lau surflari onenek soilik dute bermatuta hurrengo urteko Challenger probak jokatu ahal izatea–. Dena den, wildcard gonbidapena ere ematen diote Europako bosgarren surflari bati, eta plaza hutsak izanez gero, aurreko denboraldian emaitza onak lortu zituzten surflariek bete ditzakete. Horixe gertatu zaio zarauztarrari, hain justu: iaz lehenengo 30 onenen artean sailkatu zen Challenger zirkuituan, eta hutsuneetako bat betetzeko aukera izan zuen uztaila hasieran jokatutako Ballito Pro txapelketan. Final laurdenetara iristea lortu zuenez, aipatu wildcarda jaso zuen US Open txapelketarako, eta emaitza errepikatu zuen. Horregatik, espero du Brasilen eta Portugalen jokatuko dituzten hurrengo txapelketetan parte hartzeko aukera izatea.

Pandemian atzera pausoa

Erostarbek lortu izan ditu emaitza onak lehenago ere; 2019an, esaterako, QS zirkuituko bi txapelketa irabazi zituen, eta 2018an Europako txapelduna izan zen junior mailan. Haren hitzetan, COVID-19ak "eten" zuen orduko erritmoa: "Bi edo hiru hilabetez etxean egon ondoren, asko kostatu zitzaidan lehengora itzultzea. Zorionez, pixkanaka lortu dut maila eta emaitza onak berreskuratzea".

Iazko denboraldian lortutako emaitzak dira surflari zarauztarraren atzerako urratsaren adibide garbiena. Dena den, bestelako irakurketa ere egiten du hark: "Gogorra da Australiaraino bidaiatu ondoren lehenengo txandan kanporatua izatea, baina hainbeste galdu izanak asko ikasteko balio izan dit. Lasaiago hartzen ditut txapelketak orain. Badakit kaleratua izanez gero ez dela ezer gertatzen. Lanean jarraitzen baduzu, iritsiko dira emaitzak lehenago edo geroago. Azkenaldian eskuratu ditudanak ikusi besterik ez dago; izan ere, ez dut ezer aldatu nire prestaketan, iazko ohiturei eusten diet eta entrenatzaile berarekin jarraitzen dut".

Halaber, Erostarbek dio oraindik ez duela bere onena eman: "Gero eta gehiago sinisten dut badudala gaitasuna Challenger txapelketa bat irabazteko. Ez dakit noiz lortuko dudan, baina bitan bosgarrena izan ondoren gai naiz urrunago iristeko". Epe laburrera begira jarrita, bestalde, Zarauzko surflariaren erronkak dira "Challenger zirkuitua hamar onenen artean amaitzea eta Europako txapeldun izatea".

Erostarbe Lacanaun lortutako QSko garaipena ospatzen. (WSL)

Datorren urteko Olinpiar Jokoak ere begiz jota

Datorren urteko Parisko Olinpiar Jokoetan surfa berriro izango da praktikatuko duten kiroletako bat, eta bertan izan nahiko luke Nadia Erostarbek, nahiz eta badakien oso zaila izango duela sailkatzea. "Kirolari ororen ametsa da Olinpiar Jokoetan lehiatzea, eta mundu osoko surflariek borrokatuko dute bertan egoteko. Ni ere oso gogotsu nago, eta nire esku dagoen guztia egingo dut sailkatzeko. Gainera, surfeko txapelketa Teahupoon egingo dute, eta oso berezia izango da".

24 surflari baino ez dira arituko jokoetan, eta hainbat plaza banatu dituzte jada. Azkenak datorren urteko Puerto Ricoko Munduko Txapelketan banatuko dituzte, eta bertan izateko itxaropena du zarauztarrak. 2018tik beti parte hartu du Espainiako selekzioarekin, eta hirutan bigarren aukerako zazpigarren txandara arte iristea lortu du. Hala ere, dioenez, gehiago erakusteko gogoarekin amaitu ditu txapelketa guztiak: "Badakit badudala finalera iristeko adina teknika".

Hori horrela, Espainiako selekzioak berriro hautatzen badu, datorren urteko txapelketa lehiatzeko Puerto Ricora aldez aurretik joateko ahalegina egingo duela dio Erostarbek, "bertan entrenatzeko eta olatuak hobeto ezagutzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide