Arrakasta handia izan du Zetak taldearen kontzertuak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abuztuaren 16a

Malekoian eskaini du emanaldia Nafarroako musika taldeak Aste Nagusiko programazioaren barruan, eta jendetza erakarri du. Giro bikaina izan zen kontzertuan.

Bigarren urtez jarraian izan da Peio Reparaz musikari nafarra buru duen Zetak taldea Zarauzko Aste Nagusian, eta, oraingoan bai, eskaini du ikuskizuna. Nolanahi ere, esan beharra dago aurten eguraldiak berriro egin duela mehatxu; euri tanta bakanen bat egin zuen atzo gauean, eta haizeak sortu zuen eragozpen bat edo beste. Gainera, hondartzako ortzi-mugan ikusi zitezkeen tximistek ere iragartzen zuten bazetorrela ekaitza. Musikarien nahiz bertaratuen zorionerako, ordea, saioa amaitu ondoren, goizaldean, lehertu zen ekaitza.

Iazkoaren ondoren eta musika taldeak bere ia lau urteko bizitzan izan duen ibilbide oparoaren ondoren, handia zen Zetak taldearen Zarauzko emanaldia sortutako ikusmina, eta Reparazen taldeak ez zuen hutsik egin. Argiekin eta doinuekin jolasak egin zituzten musikari nafarrek, eta kantuan eta dantzan jarri zituzten Malekoian bildu ziren ehunka ikusleak; aurrealdean kokatu ziren gaztetxoak, batik bat. Horietako asko aurrerapen handiarekin bertaratu ziren agertokira haren aurrean leku ona hartzeko.

Halaber, urteak bete dituen Iban Larburu taldeko kidearen semea zoriondu zuten bertaratu ziren ikus-entzule guztien laguntzarekin Zorionak zuri abestuta, eta emanaldiaren amaieran agertokitik ere jaitsi zen Reparaz publikoarekin Akelarretan abestia kantatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide