Erakustaldia eman zuten atzo Donostiako Trinitate plazan Mikel Lopetegi Urra eta Ainitze Zumeta Zarauzko harri jasotzaileek. Igeldoko Harrian eta Uliako Harrian gailendu ziren hurrenez hurren, eta nagusitasunez menderatu zituzten aurkariak.
Urra, gainera, Goenatxoren hemeretzi altxaldiko markatik gertu geratu zen, hemezortzi aldiz jaso baitzuen 135 kiloko harri irregularra. Jokin Eizmendi herrikidea eta Beñat Telleria lasartearra izan ziren altxaldi gehien lortu zituzten hurrengo harri jasotzaileak, Urrak baino bi gutxiago: hamasei. Eskualdeko gainerako ordezkarien lanari erreparatuta, hamabost asoaldi egin zituen Gorka Etxeberria oriotarrak eta hamarna Imanol Royok eta Xabat Olaziola zarauztarrek. Izetaren eskolako Paulo Azpiazu osintxuarrak, berriz, 14 lortu zituen.
Uliako Harrian Ainitze Zumeta nagusitu zen, esan bezala, 70 harriari hamazazpi altxaldi egitea lortu ondoren. Haren atzetik geratu zen Lierni Osa zarauztarrak, bestalde, hamalau egin zituen, Ane Zinkunegik eta Olaia Esnaola azpeitiarrak bezalaxe. Orioko Ane Sanchezek eta Udane Ostolazak, aldiz, hamabi eta hamaika lortu zituzten.
