'Agility' zirkuitua jarri dute Astiko txakur parkean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko abu. 6a, 10:40

Astiko txakur parkean 'Agility' zirkuitua jarri du Zarauzko Udalak. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Zirkuituak hainbat elementu ditu: pasarela, slaloma, hodia, mahaia, oholesia eta saltoak egiteko hiru elementu. Udazkenean, zirkuituan bertan, klase praktiko batzuk antolatzeko asmoa du udalak, txakurrek eta jabeek elementu horiek nora erabili behar diren ikas dezaten.

Iaz Zarauzko Udalak sei berdegune egokitu zituen herrian txakur parkeak jartzeko eta ildo horri jarraituz Astiko txakur parkean Agility estiloko zirkuitu bat jarri du orain. Animalien Ongizateko zinegotziak, Gloria Vazquezek adierazi duenez, “txakurrei korrika egiteko eta euren artean harremantzeko espazioak eskaintzea beharrezkoa" da, baina, era berean, "espazio horietatik kanpo txakurrak lotuta" eramatearen garrantzia azpimarratu du, "bizikidetza eta animalien segurtasuna" bermatzeko. "Orain Astiko parkean Agility zirkuitu bat jarri dugu, hainbat txakur jabeek hala eskatuta, eta eskerrak eman nahi dizkiet zirkuitu hau modu egokienean jartzeko laguntza eskaini duten boluntarioei”.

Vazquezek azaldu duenez, Astin kokatu dute gune berria, Frantzeskuakoarekin batera "handiena delako eta itzal guneak dituelako"; iturri bat jartzeko aukera ere baduela gehitu du: “Instalazio honekin aukera ematen diegu txakurrei jolasteko eta jarduera fisikoa egiteko". Zirkuituak hainbat elementu ditu: pasarela, slaloma, hodia, mahaia, oholesia eta hiru elementu saltoak egiteko. Gainera, aurreratu du udazkenean, zirkuituan bertan, klase praktiko batzuk antolatzeko asmoa duela udalak, txakurrek eta jabeek elementu horiek nora erabili behar diren ikas dezaten. “Horrez gain, banku bat jarri dugu parke honetan eta, beste bi, Frantzeskuako eta Iritako parkeetan”.

Azkenik, Vazquezek erabiltzaileei eskatu die bete ditzateka parke bakoitzaren sarreran kokatutako paneletan jasotzen diren arauak: “Oso garrantzitsua da bi ateak itxita egotea animalien segurtasuna bermatzeko, baita kaka jaso eta kanpoko zaborrontzietara botatzea ere. Gogoratu, baita, txakurrek espazio hauetatik kanpo lotuta joan behar dutela, alde batetik, pertsonekin arazoak ekiditeko, baina baita animalien ongizatea bermatzeko ere; izan ere, beste txakurrekin liskarrak izan ditzakete edo auto batek harrapatu ditzake. Gure animaliekin gozatzea eta bizikidetza bermatzea posible da, denok arauak betetzen baditugu. Parke hauen kokapenak baliabideak eskaini nahi ditu horretarako”

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide