Minbiziaren biziraupen tasa handitzeko helburuarekin, diru bilketa egingo du asteburu honetan Zarautzen Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteak. Herritarrek Lege Zaharren Enparantzan, Malekoian Emakumeen* Etxearen parean nahiz Galtxagorri elkarte gastronomikoaren aurrean ezarriko dituzten postuetan izango dute beren ekarpena egiteko aukera.
Iaz 374.651 euro bideratu zituen elkarteak minbiziaren ikerketara. Urola Kostan, zehazki, 1.337 bazkide eta 85 boluntario ditu elkarteak, eta horien lanari esker, doako zerbitzu guztiak –terapia psiko-soziala, prebentzio-jarduerak eta material ortopedikoaren maileguak, besteak beste– elkarteak jasotzen dituen dohaintzei esker eskaini daitezke.
Elkarteak ohartarazi nahi izan du munduko arazo soziosanitario garrantzitsuena dela minbizia. Biziraupen tasa % 55,3koa da gizonezkoetan, eta % 61,7koa emakumezkoetan. Minbiziaren aurka elkartu eta biziraupen tasa hori % 70era igotzeko helburua dute.
Izan ere, ikerketari esker, azken urteotan biziraupen indizeak 3,3 puntu igo dira gizonezkoetan, eta 2,6 emakumezkoetan, intzidentzia 7,2 hazi den arren. Biziraupen tasa handitzeko, minbizi guztiak ikertzean egin du azpimarra elkarteak.
Era berean, elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie halako ekitaldiak antolatzen laguntzen duten boluntario guztiei.