Zarauzko Udal Gobernuak aurkeztu berri duen parte hartze prozesuarekin "batere gustura" ez dagoela adierazi du Zarauzko EH Bilduk. Itziar Murua EH Bildu udal taldeko bozeramailearen hitzetan, Santa Klara proiektu "oso garrantzitsua" da zarauztarrentzat eta, zalantzarik gabe, herritarren iritziak jasotzeari "garrantzi gehiago" eman beharko lioketela azaldu du.
EH Bilduren iritziz, iaz Mugikortasun Planarekin gertatutakoa gertatzera doa berriz ere, hots, "diru laguntza batzuk jaso direlako parte hartze oso kaskar bat antolatzea, herritarren iritziari muzin eginez". Muruak dio abuztua ez dela parte hartze prozesu bat egiteko garaia inolaz ere, eta aurreikusten duten bezala, irailean bukatuko bada, ez zaiola "behar adina denbora" eskainiko. Ondorioz, bilkideen ustez, herritarren parte hartzea ez da bermatuko.
Parte hartze prozesuei denbora eskaini eta eztabaidari "dagokion espazioa" eman behar zaiola gaineratu du Muruak, eta bide horretan, herriko eragileekin, elkarteekin zein mugimenduekin elkartzea "ezinbestekoa" dela defendatu du. “2021eko martxoan, Oñatiko Bidaurreta Monasterioko Erlijiosoen Elkartearekin erosketa egiteko tratuaren berri izan eta berehala eskatu genuen parte hartze prozesua lehenbailehen jartzeko abian. Eraikinean eta inguruko berdegunean egin daitezkeen moldaketak zeintzuk diren eta zertarako erabili nahi ditugun zehazteko lanak biak batera hastea komeni zela esan genuen orduan, eta gaur ikusten dugu arrazoi genuela. Orain behar bezalako parte hartze prozesua egiteko denborarik ez dagoela diote", jakinarazi du Muruak.
Taldearen iritziak iritzi, EH Bilduk herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu: “Oso garrantzitsua da denok ematea gure iritzia. Santa Klarak, bai eraikinak eta bai inguruko lurrak, ilusio handia sortzen du zarauztarren artean, eta zenbat eta iritzi gehiago jaso, hobeto izango da denontzat eta proiektuarentzat”.
EH Bilduko Udal Gobernuaren esku jarri du Santa Klarako Kultur Faktoriarako landutako bere proposamena. Muruak azpimarratu du Kultur Faktoriaren proposamena "lanketa sakon baten ondorioa" dela eta egindako lana udalak "baliatu" beharko lukeela.