Zabaldu dute Bikote Mistoen Triatloi Herrikoirako izen ematea

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 11

Iazko I. Bikote Mistoen Triatloi Herrikoia. (Aritz Mutiozabal)

Bigarrenez antolatu dute proba eta irailaren 24an, igandea, egingo dute. Inskripzio epea sei egun lehenago itxiko dute.

Nik Tri taldeak bigarrenez antolatu du Triatloi Mistoa. Irailaren 24an egingo dute proba herrikoia eta izena eman nahi dutenek dagoeneko egin dezakete honako lotura honetan. Inskripzioak abuztua amaitu baino lehen egiten dituzten bikoteek 55 euro ordaindu beharko dituzte eta 15 gehiago azken unera arte itxaroten dutenek. Irailaren 18a izango da izena emateko azken eguna.

14 urtetik gorako edonork hartu dezake parte eta bikoteak osatzeko nahitaezkoa izango da emakume eta gizonezko bana elkartzea. Bikoteko bi kideek elkarrekin egin beharko dute ibilbide osoa, eta iazko berbera izango da: 350 metro igerian, 7 kilometro bizikletaz eta 2,25 kilometro korrika.

Dortsal zenbakiak zehaztuko du bikote bakoitzaren irteera ordua eta izen emate ordenaren arabera banatuko dituzte. Hala, 10 bikoteko taldeetan emango dute irteera antolatzaileek 11:30ean hasita. Minutu bateko tarte izango da irteera batetik bestera eta 11:55ean abiatuko dira azkenengo bikoteak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide