San Fermin Txiki festa egin dute gaur goizean Udaleko eta Antoniano eta Orokieta ikastetxeetako udalekuetako haurrek eta goitik behera busti dira. Dena den, gustura hartu dituzte urez betetako baldekadak, bero baitzegoen giroa. Haiekin izan diren, begiraleak ere blai amaitu dute.
Lege Zaharren enparantzan jarri dute bainurako hitzordua 11:00etan eta udaletxeko balkoitik pregoia irakurri ondoren, Fermin santuari abestu diote. Jarraian, entzierroa egin dute Musika plazaraino. Kartoizko zezenak aurretik joan dira eta haur txikienak atzetik inork minik hartu ez zezan. Musika plazan berriro bildu dira guztiak eta bertatik hasi dute kalejira. "Bota ura, bota ura" oihukatu dute erritmo eta sintonia ederrean eta etxeetan ziren herritarrek haurren nahia bete dute baldekadaz. Haurrek, kantuz erantzun dute berrio esker ona adierazteko.