Peto urdinak bereizita hegan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uztailaren 7a

Balentziaga familiako eskubaloi taldea iazko Txaparrotan txapelketan. (Utzitakoa)

Balentziaga familiak ez du taldea osatu asteburuko Txaparrotan txapelketarako. Araua aldatu dute, eta jokalari bakoitza talde bakarrean aritu ahal izango da.

Kolore gorriz markatuta egoten dira sanferminak egutegiaren uztaileko orri gehienetan, baina Zarautzen badute datarekin bat datorren beste hitzordu berezi bat ere: Txaparrotan hondartzako eskubaloi txapelketa. Hemezortzigarrenez antolatu dute aurten, eta bada zeresana eman duen berritasunik; izan ere, araudia aldatu dute ekitaldiak duen arrakasta ikusita.

Aurten jokalari bakoitza talde bakarrean aritzea da antolatzaileek erabaki dutena; orain arte bi taldetan egiteko aukera zuten. Azaldu dutenez, "inor txapelketan parte hartzeko aukerarik gabe geratu ez dadin" hartu dute erabakia. Horrek eragin du azken edizioak bi talderekin jokatu dituztenek bataren edo bestearen artean aukeratu behar izatea eta talde batzuk desagertzea.

Balentziaga familiari azken hori gertatu zaio, hain justu. Aurten ez dute izenik eman, eta, ondorioz, 2015etik hutsik egin ez duen peto urdindun taldea ez da Desertu Txikian izango. Josu Balentziagak azaldu du, gainera, taldeko elastiko berezi hori sortu aurretik ere jokatu izan zutela txapelketa pare bat urtez. "Ilusio handiz bultzatu izan dut beti familiako taldea osatzea, eta gazteak animatu zirenetik, hainbat urtetan atera gara". Balentziaga lehenengo abizena duten hamar bat laguneko taldea da osatu izan dutena, aita, osaba, iloba, seme-alaba eta lehengusuak elkartuta. Zirt edo zart egin beharrak, ordea, eragin du aurten nahikoa ez izatea.

Horren harira, Sara Balentziaga alabak dio lehengusu guztiek "buruhausteak" izan dituztela taldea aukeratzeko orduan: "Familiarentzat asteburu garrantzitsua izaten da, denok elkartzen garelako eta aitona-amonak ere hondartzara bertaratzen direlako gu ikustera. Horrez gain, gurasoak ere animatzen dira jolastera, eta lehengusu txikienak ere bai azken urtean".

Hori horrela, guztiek hartu dute pena, nahiz eta, handiena, akaso, adinez zaharrenak direnek hartu duten aurten ez dutelako txapelketa jokatuko. Dena den, Josu Balentziagak txantxetan dio "mesedea" ere egin dietela gazteek. Azken finean, seme-alabak eta ilobak izan dira lagunekin dituzten taldeak lehenetsi dituztenak.

Zentzu horretan, Oihan Balentziaga ilobak arrazoitu du "txapelketan lehiatu" nahi duelako hautatu duela berak beste taldea: "Bi aukera genituen: familiarekin jokatzea ondo pasatzeko, edo txapelketa irabaztera joatea. Gazteok nahiago izaten dugu lehiatzea, eta, horregatik, Amenabarreko hainbat jokalarirekin dudan taldearekin arituko naiz. Jubenil mailan geundela osatu genuen taldea, eta urtero eutsi diogu. Egia esan, nahiko talde ona da, eta finalera ere iritsi ginen behin".

Bada, ilobak aipatutako talde horretan izango da beste Balentziagarik ere, Ohianek Gari lehengusua izango baitu taldekide. Azken hori txapelketaren antolaketan aritu da hainbat ediziotan, eta nahiz eta aurten nahi baino gutxiago parte hartu duen, gertutik jarraitu du araudia aldatzeko erabakia. "Oso zaila" izan dela dio, baina ados dago txapelketa eta hondartzako eskubaloia "jende gehiagorengana zabaltzea" lortu delako.

Antolatzaileekin eskertuta

Bide beretik, Josu eta Sara Balentziaga aita-alabak ere ulerkor agertu dira antolatzaileen erabakiarekin eta "oso eskertuta" urte hauetan guztietan egin duten lanarekin: "Guk errazena egiten dugu, txapelketan parte hartu eta ondo pasatu, baina hori ez litzateke posible izango atzean dagoen taldearen lanik gabe. Musu truk egiten dute, gainera".

Bada, lan horretan, Gari lehengusuak ez ezik, gainerako Balentziaga gehienek ere lagundu dute. Epaile lanetan, tabernan zerbitzari edota sukaldean aritzen dira. Horregatik, ziurtzat jo daiteke asteburu honetan ere Balentziagak nagusi izango direla Desertu Txikian, guztiek Txaparrotan txapelketan parte hartuko ez duten arren.

Datozen urteei begira, berriz, ezin daiteke baztertu Balentziaga familiaren taldea joko eremuan bueltan ikustea, izan ere, badute taldea noizbait berreskuratzeko itxaropena: "Uste dut aterako dugula berriro", adierazi du lehengusu gazteetako batek.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide