"Aurten dena irabaztea da nire helburua"

Mireia Galarza Bastida 2023ko ekainaren 30a

Aitor Frantzesena 'Gallo' garaikurrarekin. (utzitakoa)

Ezin hobeto hasi du udako denboraldia Aitor Frantzesena Gallo (Zarautz, 1970) surflariak. AASP eta AMP surf zirkuituko txapelketak irabazi ditu jada, eta udan ere ez da geldirik egongo. 

Aitor Frantzesena Gallo surflariaren bolada onak ez du etenik. Izan ere, surf egokituko munduko bi zirkuitu irabazi ditu zarauztarrak: AASP (Adaptive Surfing Professionals World Championship Tour), eta AMP Surf (Surflari Anputatuen Elkarteak antolatutako zirkuitua). Haren hitzetan, «lan askoren emaitza» ari dira izaten garaipenak, eta «oso pozik» dago horiek lortuta.

Joan den ostiralean zure azken garaipena lortu zenuen Costa Rican. Nola sentitzen zara garaipen hori lortuta?

Puntarenas hiriko Boca Barranca hondartzan jokatu genuen finala, eta hura irabazi ondoren esan dezaket urte honetako gauzak ondo egiten ari naizela. Gainera, bikotekidea eta alaba ere  alboan izan nituen, eta horrek are eta zoriontsuago egiten nau. Aurten oso denboraldiaurre gogorra izan dut, fisikoki oso ondo iritsi nahi nuelako. Urte batzuk badauzkat, eta maila onean egotea nahi badut, lan asko egin behar dut aurretik. Orain lan gogor horren fruituak jasotzen ari naizela sentitzen dut. Boca Barrancan ezker olatu bikainak egoten dira, Mundakakoen [Bizkaia] oso antzekoak, energia gutxiagorekin, baina oso-oso luzeak; 300-400 metro ingurukoak, osorik eginez gero. Oso olatu onak izan dira, eta oso ondo egokitu naiz horietara.

AMP Surf zirkuituko bigarren azpitxapelketa ere Costa Rican izan zen. Nola moldatu zinen?

Olatu gogorrak eta handiak eduki genituen han, baina oso eskertuta nago laguntzaile gisa Oxel Oregi izan nuelako. Oregik olatuen aukeraketa paregabea egin zuen, eta zortea izan genuen txapelketa irabazteko.

Denontzako izan ziren baldintza zailak, haizea zakarra zelako eta mareak ere altuak egokitu zitzaizkigulako, eta, horrenbestez, guztiok egin behar izan genuen lan handia puntuak eskuratzeko. Oso-oso pozik nago, kasu horretan ere, azkenean, txapelketa irabaztea lortu genuelako.

Costa Rican baino lehen, Kalifornian (AEB) izan zinen, eta han eskuratu zenuen munduko surf egokituko lehen garaipena. Bolada oso onean zaude, beraz. 

Oceanside Pierren jokatutako proban, David Muñoz izan nuen bidelagun, eta egia esateko, olatuak nahiko handiak eta konplexuak izan ziren, haizea oso txarra zelako. Niri konplexua egin bazitzaidan proba, ez dut pentsatu nahi besteentzat zenbaterainoko zaila izango zen olatu mota horrekin surf egitea. Txanda bakoitzean ez nuen puntuazio oso altua eskuratu, baina besteek txikiagoa izan zutelako lortu nuen irabaztea. Korronte handiko olatuak ziren, haize oso txarrarekin, oso jasoak eta jaitsiera zailekin.

Irailean Kalifornian izango zara berriro, ezta?

Bai, hori izango da AASP zirkuituko final handia. Espero dut fisikoki maila onean jarraitzea, ilusioa eta gogoa izango ditut eta.

Lorpenak lorpen, nolako denboraldia aurreikusten duzu?

Uda honetan hainbat leku bisitatuko ditut. Lehenengo Galiziara joango naiz, selekzioarekin Europako taldekako txapelketa bat jokatzera, eta ondoren, Europako zirkuituarekin hasiko naiz. Hiru proba daude bertan; Galizian lehenengoa, bigarrena Erresuma Batuan eta azkena Frantzian. Horiek irabaziz gero, Europako txapeldun izango nintzateke. Urtea, orokorrean, oso ederra izango dela iruditzen zait, hori delako nire helburua, dena irabazten saiatzea. Horretan nabil, eta iruditzen zait gauzek ezin dutela momentuz hobeto joan. Dena den, ikusiko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide