Euskal Herriko txoko gehientxuenetan bezalaxe sua piztuta eta bere inguruan dantzatuta eman diote ongietorria udari, bart, Zarautzen ere. Hala, gau magikoa izan da, beste behin, San Joan bezperakoa.
20:00etarako herritar ugari bertaratu dira Mondrako aparkalekura erretako sardinak dastatzeko. Berehala amaitu dira, baina gabe geratu denak izan du bestelako mokadutxorik jateko aukera ere; zeren, oilasko hegalak ere eskaini dituzte. Jatekoa bultzateko edariak ere baziren herritarren eskura.
Sua 22:00etan piztu dute, baina aurrez, batukada feministak ere eskaini du emanalditxoa gaua girotzen jarraitzeko. Aipatu ordua heldutakoan, suziria bota eta bina bertso abestu dituzte Aimar Sorazuk eta Uxue Alkortak. Hauei Montetxio abesbatzako kideek hartu diete erreleboa Goizeko Ihintza taldeko txistulariek jarritako doinuei ahotsa jartzeko, eta Jalgi Dantza Taldeko kideek ikuskizun aparta eskaini dute. Ekitaldia amaitzeko, DJ Arosek musika saioa eskaini du.